Josu Erkoreka: «Delituaren simulazioaren hipotesia azaleratzen hasi da»

0

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Bizkaia Irratiko «Goizeko izarretan» saioan. Gasteizen emakume gazte bati egindako erasoari buruz galdetu diotenean, honako hau adierazi du: «Delitu-simulazio baten aurrean egon gaitezkeela dioen hipotesia azaleratzen hasi da. Atzo bertan aurkeztu zituen Ertzaintzak eginbideak epaitegian, «delitu itxurak» egitea egotzita”.

Erkorekak aitortu du bideoek eta informazioak salatzailearen bertsioari eusten ez diotela dirudiela. Nolanahi ere, erasoa poliziaren eta epaitegiaren ikerketapean dagoela azpimarratu du, «beraz, argitzea espero dut». Halaber, susmoak berretsiz gero, «oso larria izango litzateke, bizikidetzarekin eta desberdinen arteko errespetuarekin oso inplikazio negatiboa duelako», adierazi du.

Elkarrizketan zehar, Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaurkotasuneko beste gai batzuk ere jorratu ditu.