Urkulluk berretsi egin du Euskadik berrikuntzarekin eta ezagutzan oinarritutako gizartearekin duen konpromisoa

0

Iñigo Urkullu lehendakariak amaiera eman dio Global Innovation Dayren hamargarren edizioari, euskal berrikuntzaren hitzordu garrantzitsuari, eta, bertan, Euskadik berrikuntzarekin eta ezagutzan oinarritutako gizartearekin duen konpromisoa berretsi du. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, enpresa ekosistemarik puntakoena bildu da hitzordura, «Euskal berrikuntza abian da» lelopean.

Lehendakariak bere hitzaldian adierazi duenez, Euskadik berrikuntzaren alde egiten duen apustua handia da, eta hiru zutabe estrategikotan oinarritzen da: «Bikaintasun Zientifikoa», «Industria Lidergo Teknologikoa» eta «Berrikuntza Irekia»; horiei «Talentua» gehitzen zaie, garapena bermatzeko erreferentzia nagusi gisa. Elementu horiek, Iñigo Urkulluren iritziz, batera eta modu orekatuan lagundu behar dute ikerketaren ekarpenak emaitza sozial eta ekonomiko bihur daitezen.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak berrikuntzara bideratutako inbertsioa handitzen jarraitzeko duen konpromiso argia berretsi du, eta egiten ari den apustu ekonomikoa nabarmendu du. Aurten aurrekontuaren igoera % 9koa izan da, eta datorren urterako ia % 10ekoa jasotzen da aurrekontu-proiektuan, hau da, 588 milioi euroko inbertsioa I+Gn 2022ko ekitaldirako. Lehendakariaren arabera, 2022a funtsezkoa izango da Euskadiren bultzada ekonomiko eta sozialerako, eta berrikuntzak berebiziko garrantzia izango du prozesu horren bizkortzean.

Euskadik berrikuntzaren esparruan duen posizioa positiboa bada ere – Europako goi-mailako berrikuntza eskualdea, bikaintasunaren polotzat kalifikatuz, eta goi-mailako berrikuntza herrialdeen artean, «Strong innovators», Europako batez bestekoa gaindituz – Lehendakariak uste du ez dela konformatu behar eta aurrera egiten jarraitu behar dela.

Azkenik, eta bere hitzaldiari amaiera emateko, Lehendakariak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XXI. Astea inauguratu du, teknologia- eta ikerketa-zentroen, unibertsitateen, enpresen, osasun-ikerketako zentroen edo erakunde publikoen aurrerapen nagusiak gizartearekin partekatzeko aukera. Ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloko aurrerapenak, Urkulluren hitzetan, Euskadi inklusiboago, berdeago eta digitalago baterantz eraldatzen lagunduko dute. “Une honetan, erantzukizunari eta konpromisoari dei egiten diet, guztiok, auzolanaren espirituarekin, Euskadirentzat etorkizun hobea eraikitzeko gure alea jarri dezagun. Bat gatoz gure etorkizuna berrikuntzatik igarotzen delako uste sendoarekin”, amaitu du.

Barakaldoko BECen egin den jarduera berritzailearen hitzorduari amaiera emateko, Fernando Velázquez musikagile getxoztarrak berrikuntzaren soinu-banda konposatu eta zuzenean interpretatu du. Bertan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko hainbat kide izan dira.