Lehendakariak B-Kanpus Bilbao inauguratu du gaur goizean, Bridgestone lantegiak Basauriko instalazioetan sustatu duen Euskadiko industria-prestakuntzako lehen eskola. Zentro berriak langabetuak prestatu nahi ditu manufaktura-sektorean lan egiteko. Ekitaldian izan dira, halaber, Idoia Mendia lehendakariordea, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Ainara Basaurko Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Asier Iragorri Basauriko alkatea.
Instalazioak bisitatu eta zentro berria irailaz geroztik ematen ari den prestakuntza-lana bertatik bertara ezagutu ondoren, lehendakariak adierazi du proiektu aitzindari honek lidergo- eta egokitzapen-gaitasuna erakusten duela. Ezin dugu pentsatu dena ondo dabilenik, gazteak ondo prestatuta daudenik edo enplegagarritasun-tasak altuak direnik. Aitzitik, egokitzeko gaitasuna erakusten eta erantzun berriak bilatzen jarraitu behar dugu.
Adierazi duenez, enplegurako prestakuntza-sistema, enpresa-sarearen funtzionamendua eta gizartea bera aldaketa sakona jasaten ari dira, eta horren ondorioa lehia-eskakizuna gero eta handiagoa da, prestakuntzan ere bai.
Lehendakariaren ustez, helburua da industrian lan-etorkizunaren alde egiten duten gazteek ahalik eta prestakuntzarik onena, eguneratuena eta enpresen errealitatetik hurbil dagoena izatea. Hori dela eta, Bridgestoneri eskerrak eman dizkio esperientzia aitzindari hori abian jartzeagatik; izan ere, benetako pizgarria da industriaren eraldaketa digitala eta berdea bultzatzen ari den garai honetan.
B-Kanpus Bilbao
B-Kanpusek ehun pertsona inguru bost hilabeteko bi deialditan trebatzeko aukera emango du.
Orain arte, Basauriko Bridgestone lantegiak 600.000 euro inbertitu ditu lehen fasean, eta kopuru hori handitu egingo da beste ekoizpen-sail batzuetara zabaltzen denean.
Eskola berriak aurrez aurreko prestakuntza teorikoa ( % 20) eta prestakuntza praktikoa ( % 80) uztartzen ditu. Bere ikaskuntza-sistemaren ezaugarria etorkizuneko langileen gaitasun tekniko handia lortzeko dedikazio berezia da, eta hori funtsezkoa da etengabeko bilakaeran dagoen konplexutasun teknologiko handia dela-eta.
Zentroak lehiakortasuna indartuko du Bridgestoneko Ekialdeko eta Asiako herrialdeen aurrean; izan ere, horien Bizkaiko lantegiak 1.000 langile ditu, eta horietatik 705 produkzio-langileak dira.