2022ko Aurrekontu Lege Proiektuaren Aurkezpena: Osasuna

0
PRUEBA

INBERTSIO GEHIAGOK ETA IKERKETAREN ALDEKO APUSTUAK 4.352 MILIOI EURORA IGO DUTE 2022ko OSASUN SAILAREN AURREKONTUA ( %+4)

“Pandemiari aurre egiten jarraitzea, osasun-sistemaren funtzionamendu normala berreskuratzea, azpiegiturak modernizatzea, ikerketaren aldeko apustua egitea eta hurbilagoa, pertsona guztien zerbitzura eta desberdintasunik gabeko osasun sistema” lortzeko dira Gotzone Sagardui Osasun sailburuak datorren urtean 4.352 milioi euro bideratuko dituen helburuak, aurreko ekitaldian baino % 4 gehiago (168,1 milioi euro gehiago).

Gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean egindako agerraldian, Osasuneko sailburuak, bere zuzendaritza-taldearekin batera, bere sailari dagokion 2022ko Aurrekontuen Lege Proiektua zehaztu du. Osasun Sailarena da, berriz ere, Eusko Jaurlaritzaren partida handiena, Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren herena baino gehiago. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuko 10 eurotik 8 gizarte-gastura bideratzen direla. Izan ere, per capita osasun-gastuak gora egin du berriz ere, 1.984 eurotan kokatu baita, iazko 1.902 euroen aldean, eta horrek Euskadi Estatu osoko gastu publikoaren buruan mantentzen du.

Gotzone Sagardui sailburuak nabarmendu du asko handitu direla Osakidetzan inbertsioetara bideratutako partida (107 M €, +%53), eremu soziosanitariorakoa (35M €, +%13,9), ikerketaren aldeko apustua (25,2M €+ % 15) eta Osasun Publikora bideratutako dirua (29M €, +%9,7). Sailburuaren arabera, kontu horiek baliagarriak izango dira Osasun Sailaren 2021-2024 Esparru Estrategikoan ezarritako jarduera-ildoekin jarraitzeko. Ildo horien artean daude pertsona ekintzaren erdigunean jartzea, osasunaren prebentzioa eta sustapena, osasun-sistemaren iraunkortasuna, osasun-arloko profesionalen apustua eta osasun-arloko ikerketan aurrera egitea.

AURREKONTUAREN BANAKAPENA

 

 ARRETA SOZIOSANITARIOA

2022an arreta soziosanitarioari eskainitako partida 35 milioi eurokoa izango da, Sailak arreta soziosanitarioaren eta lankidetza soziosanitarioaren alde egindako apustua argi eta garbi islatzen duen zifra. Aurrekontu hori onartu berri den 2021-2024 aldirako Euskadiko Estrategia Soziosanitarioa hedatzeko erabiliko da. Estrategia horren bidez, asistentzia-eredu berri bat lortu nahi da, komunitateko eta etxeko arreta areagotzeko, bai eta buruko nahasmenduen tratamenduarekin lotutako ekintzetarako ere.

IKERKETA ETA BERRIKUNTZA

 «Ikerketa eta berrikuntza funtsezkoak dira ezagutza zientifikoa eta teknologia berriak orain arte ezagutu dugun medikuntza aldatzen ari diren mundu honetan», adierazi du sailburuak. Horrek isla zuzena izango du osasun-ikerketaren aurrekontuan, % 15,5 hazi baita eta 25,2 milioi eurora iritsi baita.

Osasun-ikerketako lau institutuak (Bioaraba, Biocruces – Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) eta korporazio-burua (BIOEF) arduratuko dira Euskadiko osasun-ikerketako ekintzak hedatzeaz. Asistentzia eremua uztartzen dituzten 3.000 ikertzaile ditu sistemak, gehienak emakumeak. Azken urte honetan 843 proiektutan parte hartu dute, asko nazioartekoak, eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egiten jarraituko da.

OSAKIDETZA

Osasun Sailaren partida handiena Osakidetzara bideratzen da beste ekitaldi batez, 3.333,3 milioi euro jasotzen baititu osasun-erakundeen eguneroko funtzionamendurako programa-kontratuaren bidez (2021ean baino % 3,6 gehiago).

Osakidetzaren aurrekontu osotik, bi heren pertsonal-gastuetara bideratuko dira, eta aurten % 2,1 igo da, iazko aurrekontuarekin alderatuta. Gainera, 107 milioi euro azpiegiturak modernizatzeko eta eguneratzeko inbertsioetara bideratuko dira, hau da, igoera handia aurreko ekitaldiarekiko: 37 milioi gehiago (+%53a).

53 milioi obretan; 17 milioi instalazioetan; 32 milioi ekipamenduetan; eta 5 milioi informatikan.

Araba – 18 milioi jarduera hauetarako:

  • Arabako Unibertsitate Ospitalea,
  • Arabako Errioxa-Rioja Alavesa ESI.

 

Bizkaia – 24 milioi honako hauentzat

  • Bilbo-Basurtu ESIa,
  • Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzetako ESI
  • Galdakao-Barrualde ESI.
  • Lehen mailako arretako osasun-zentroak
  • Osasun Mentaleko Sarea

Gipuzkoa – 22 milioi hemen:

  • Donostiako Unibertsitate Ospitalea,
  • Terapia zelularreko ekipamendua
  • Bidasoa ESIko eta Urola Garaiko Goierri ESIko bloke kirurgikoak birmoldatzea.

 

Osakidetzaren zerbitzu eta azpiegitura komunak: 43 milioi euro.

  • Erradiologia digitala.
  • Operazio-gelen ekipamendua.
  • Irisgarritasuna

LEHEN MAILAKO ARRETA

Sailburuak azaldu duenez, Osakidetzaren hazkundearen zati handi bat Lehen Mailako Arretak eramango du:

  • 20,5 milioiko inbertsioak lehen mailako arretan, batez ere ekipamenduan, barruko obretan, sarbideetan eta energia-eraginkortasunean. (Power pointeko inbertsioei buruzko informazio zehatza)
  • Langileak: LEP berria, plaza berriak finkatzea (45 gehiago).

COVID-19

Pandemiari aurre egiteak lehentasuna izaten jarraituko du Osasun Sailarentzat, eta horregatik mantentzen da COVID-19ari lotutako ekintzetara zuzendutako aurrekontua, 185,4 milioi euroko zuzkidurarekin.