Beatriz Artolazabalek esan duenez, “pertsona guztiei bizitzan zehar babeserako, segurtasunerako eta zaintzetarako espazioak ziurtatzea gizartea ordezkatzeko eginkizuna geure gain hartu dugunon erantzukizuna da”

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Bioetikako Nazioarteko XV. Biltzarra irekitzeko ekitaldian parte hartu du, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

Beatriz Artolazabalek, hasteko, eskerrak eman dizkie “Asociación de Bioética Fundamental y Clínica elkarteari eta Euskadiko Etika Batzordeei, biltzar hau Gasteizen antolatzearren”. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak benetan balioetsi du “hemen antolatzeko eginiko ahalegina, eta ‘Bioetika eta zaintzak pandemiaren sasoian’ gaia aukeratzean asmatu izana”, eta esan du “Biltzar honetan une honetan hausnarketa eragin behar diguten gai nagusiak aztertzen” ari direla.

Bioetikako Nazioarteko XV. Biltzarra Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian da, azaroaren 4tik 6ra bitartean, eta gaiaren inguruko pertsona ospetsuek parte hartuko dute, bai eta Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere.

“Pandemiak eta horrek eragin duen 18 hileko krisialdiak gauza bat erakutsi digute: kalteberak gara”, esan du Artolazabalek. “Zaintzak ekitate-baldintzetan eman eta antolatzeko gizarte eta erakunde arduradunak eratzea dugu betebehar”, esan du sailburuak, eta, esan duenez, “horrek esan nahi du gizaki bakoitzak zaintza egokia izan behar duela, dituen baliabideak gorabehera”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradunak honako hau esan du: “pertsona guztiei bizitzan zehar babeserako, segurtasunerako eta zaintzetarako espazioak ziurtatzea, bizi duten egoera, kontribuzioa edo estatusa gorabehera, humanizazio seinalea da, eta, era berean, gizartea ordezkatzeko eginkizuna geure gain hartu dugunon erantzukizuna”.

Artolazabalek, amaitzeko, honako hau esan du: “hau bezalako biltzarrak funtsezkoak dira, bidezko gizartea, errukitsua, sufrimenduarekiko sentikorra eta hura arintzeko gai dena lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu”