Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur aurkeztu du aurrekontua, eta inbertsioan izandako gehikuntza handia nabarmendu du. “52,1 milioi euro (+% 10,2) horiez gain, sailak Europako funtsetako beste 23,9 milioi euro izango ditu hainbat udalerri eta eskualdetan Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Planetan inbertsioak egiteko, eta beste 3,3 milioi euro erabilera publikoko ondare historiko turistikoa birgaitzeko. Beraz, guztira 79,3 milioi euro izango genituzke, eta horien % 46 baino gehiago inbertsiora bideratuko lirateke”.
Turismo eta Ostalaritza zuzendaritza
Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzaren aurrekontua (1. kapitulua sartu gabe) 20,2 milioi eurokoa da; % 27,5 handitu da. Gehikuntza hori Lehentasunez Jarduteko Eremuetan (LJE) hainbat esku-hartzeri aurre egitera bideratutako inbertsio-ahaleginaren emaitza da.
Hiru laguntza-programen aldeko apustuari eutsi zaio, 2,8 milioi euroko guztizko zenbatekoaz. Programak honako hauek dira: Turismoa merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak (717.000 €). Ekintzailetzarako eta turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzarako laguntzak (652.000 €), eta Lurralde-proiektu turistikoetarako laguntzak (1,45 milioi euro).
Horien osagarri, Europako Next Generation funtsetatik datozen zenbait partida txertatuko dira ekitaldi honetan, euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna eta eraldaketa hobetzeko. Helmugako Turismoaren Jasangarritasun Estrategiak 67 milioi euro sartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegorako proiektu turistikoetan 3 urtetan, horietatik 23,9 milioi euroraino 2022an.