Athletic: Bi klasiko aurrez aurre

0

Athletic Club eta Levante UD taldeen arteko partidaz hitz egitea emakumezkoen futboleko neurketa klasiko batez hitz egitea da. Bi taldeek 51 aldiz jokatu dute elkarren aurka 2002tik, emakumezkoen sail zuri-gorria sortu zenetik. Levantek, bere aldetik, lau urte zeramatzan emakumezkoen Lehen Mailan eta ordutik lau Superliga eta sei Erreginaren Kopa lortu ditu. Beraz, ikuskizun ona izango dela iragartzen duen partida da. Athleticen lehen urteetan, talde granota beti izan zen aurkari gogorrenetako bat eta ondoren lehoiek neurria hartu ahal izan zioten Valentziako taldeari. Ligan etxean jokatutako norgehiagoketan, zuri-gorriek 8 aldiz irabazi dute, beste hainbeste berdinketekin, eta bi aldiz galdu dute. Ez dira inoiz gol gehiegi egon neurketetetan, lehia oso parekatuak izaten ohi direlako.

Gaur-gaurkoz, bi taldeak sasoi ona eman dute liga hasiera honetan. Lehoiak laugarren dira 16 punturekin eta kanpokoak puntu bat gutxiagorekin helduko dira. 2019-2020 denboraldian eta 2020-2021 denboraldiaren zati batean Athleticen aulkian egondako Angel Villacamparekin berriz elkartzeko jardunaldia izango da. Toledotarrak zuzentzen duen taldeak Champions Leaguerako sailkapena lortu ezin izan zuen arren, lehen hiru postuetan egoteagatik seguru borrokatuko duen taldea da. Hori bai, Ligako azken jardunaldiari erreparatzen badiogu, Levantek 0-0 berdindu zuen Sporting Huelvaren aurka eta Iturregiren taldeak 4-2 galdu zuen Real Betisen aurka. Bi taldeak gosez iritsiko dira bederatzigarren jardunaldi honetara.

Biharko aurkariari dagokionez, Levante UD taldeak nazioarteko norgehiagoketan aritutako jokalari ugari ditu: Alharilla, Alba Redondo, Irene Guerrero eta Eva Navarro espainiarrak; Jucinara eta Gio Queiroz (Brasil); Toletti (Frantzia); Paraluta (Errumania); Cometti (Argentina); Tatiana Pinto (Portugal); Calligaris (Suitza) eta Andonova (Ipar Mazedonia). Villacampak oso plantilla orekatua eta arma askokoa zuzentzen du. Asko dira neurketa honetarako pizgarriak eta, itxura guztien arabera, maila txukuna izango duten 90 minutuko neurketa ikusiko da Lezamako berdegunean.