Barakaldok ekimen berri bat jarri du martxan, haurren jolas-gunearen eta plaza eta parke publikoak errespetuz erabiltzearen arteko bizikidetza hobetzeko. Horretarako, Udalak, Jon Andoni Uriak zuzentzen duen Hiriko eta Auzoetako Lan eta Zerbitzuen Kudeaketa Arloaren bitartez, informazio-plaka berriak diseinatu ditu, jolasten den bitartean errespetua eskatzeko.
Plaka horietan jarriko den Jolastu Errespetatuz testuarekin batera, baloiarekin jolasten ari diren adingabeen irudiak, oinez dabiltzan adinekoen irudiak, banku batean lasai eserita dauden bizilagunen irudiak ¿ ere jarriko dira. «Bizilagun batzuek leku jakin batzuetan baloiekin edo pilotekin jolastea debekatzeko eskaera helarazi digute, paseatzen ari zirela edo banku batean eserita daudela bultzada bat edo baloikada bat jaso dutelako. Gure ustez, haurrei ezin diegu debekatu parke eta plazetan libreki jolastea, jolasa eskubidea eta beharra delako. Baina, denok harmonian elkarrekin bizi gaitezkeen espazioez gozatzeko beharra transmititu dezakegu, espazio horiek arduraz erabiliz» azaldu du Uriak.
«Haurrak jolasten ibil daitezen nahi dugu, baina jakin behar dugu, halaber, haiekin batera, adibidez, adineko pertsonak daudela, errespetatu eta zaindu egin behar direnak. Hau da, jolastu bai, baina kontuz eta errespetuz» zehaztu du. Gainera, Udalak gurasoen inplikazioa eskatzen du, txikienei plaza eta parke publikoetan dauden adinekoak errespetatzearen garrantzia eta beharra azalduz. «Era berean, espazio horiek erabiltzen ari diren pertsonek jolasten ari diren haurrak errespetatu behar dituzte» adierazi du. «Barakaldo guztion etxea da, eta horregatik saiatu behar dugu denok gustura senti gaitezen eta gozatu dezagun bertan».