Donostiako Udalak bi partaidetza-prozesu jarri ditu abian Ekialdeko Barrutian

0

Donostiako Udalak, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bitartez, bi partaidetza-prozesu abiarazi zituen azaroan. Lehena, Ekialdeko Barrutiak sustatuta, Bidebieta parkea da. Bigarrena, Sorleku izena jarri zaion parkea, Dbusen garajearen ondoko lursailean egingo dena. Bi parkeak hiriko Ekialdeko Barrutian daude, eta 700.000 euro bideratuko dira haietara.

Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak adierazi duenez, Udaletik eta Ekialdeko Barrutitik herritarren parte-hartzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, proiektuen eragile gisa, herritarrak baitira horien guztien azken hartzaileak.

Datozen asteetan, bilera irekiak egingo dira, proiektuen irismena eta partaidetza-prozesuen xehetasunak azaltzeko: agenda, helburuak, tailerren dinamika eta abar. Herritarrek postontzian jasoko dute bi bileron gaineko informazioa, noiz eta non egingo diren jakin dezaten.

Bi proiektu horiek jadanik badute egikaritzeko aurrekontu-partida: Bidebietarako Ekialdeko Barrutiaren aurrekontutik datozen 300.000 euro daude gordeta, parte-hartze prozesua, proiektua eta obra egiteko, eta Sorlekurako, berriz, Udalak urte anitzeko 400.000 euroko aurrekontu-saila prest du.