Eman Bostekoa kanpaina

0

Bezeroen leialtasuna eta laguntza eskertzeko intentzioarekin, ZUREKIN Ostalaritza Elkarteak eta Zarauzko Udalak ‘Eman Bostekoa’ bonu kanpaina jarri dute martxan. Azaroaren 5etik aurrera eta abenduaren 3ra arte, kanpaina honetara atxikitutako ostatuek eta ostalaritza establezimenduek 5€ko opari-txartelak banatuko dituzte euren bezeroen artean hurrengo kontsumizio batean erabiltzeko (bertan edo atxikitutako beste establezimenduren batean).

Guztira, 5€ko 8.800 opari-txartel jarriko dira zirkulazioan eta, horretarako, Udalak 44.000 euroko inbertsioa egingo du. Guztira, 50 establezimendutik gora parte hartuko dute ekimen honetan.

“Zurekin elkartearen laguntza eskertzekoa da, lan ugari egin baitute kanpaina hau martxan jartzeko garaian” adierazi du Ixidor Larrañaga (EAJ-PNV) Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza zinegotziak. “Murkilekin elkarlanean merkataritzarekin egin zen bide berean, kasu honetan ostalaritza jarduera sustatu eta herriko kaleak girotu nahi ditugu behe-denboraldi honetan sektore guztiaren partaidetzarekin, ostalaritza zein ostatu establezimenduekin”.

“Kanpaina honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu azken hilabeteetan lagundu diguten pertsona guztiei” azpimarratu du Martin Arguiñano Zurekin Elkarteko presidenteak.

Kanpainan atxikitutako establezimenduak -> www.zarautz.eus/eu/-/eman-bostekoa