Guraso Eskolak arreta goiztiarreko psikomotrizitatea familiekin lantzeko jolasa du ardatz

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak Guraso Eskolaren edizio berria jarriko du abian datorren astean, lurraldeko gurasoentzako Foru Erakundearen Arreta Goiztiarreko zerbitzu publikoari buruz informazio- eta prestakuntza-saioen zikloa. Bilbo, Barakaldo, Getxo, Durango eta Gernika izango dira azaroaren 9tik abenduaren 16ra bitartean hitzaldiak hartuko dituzten udalerriak.

Ziklo berri honetako saioak, «Jolasak familia-harremanetan duen garrantzia. Psikomotrizitatea eta arreta goiztiarra» izenburupean, eremu horretan esperientzia handia duen Luzaro (Bergara) Psikomotrizitate Eskolako profesionalek garatuko dituzte. Halaber, zikloan Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeko kideak diren  arreta goiztiarreko hiru esparruetako profesionalen laguntza izango dute: Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailekoak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailetakoak.

Edizio honetan, zikloak aurrez aurreko formatua izango du berriro eta hainbat hitzaldi emango dira Bizkaiko udalerri batzuetan. Iaz, pandemiak baldintzatuta, zikloa saio telematiko bakar batera murriztu zen. Nolanahi ere aurten eskatzen duenari Bilborako eta Gernikarako programatutako saioetara online sartzeko aukera ere emango zaio. Aukera hau abian jarri da kontuan hartu delako COVID-19a prebenitzeko neurriak oraindik indarrean daudela; dena dela, aurreko edizioetan bezala, ezin izango dela haurtzaindegi-zerbitzurik eskaini. Foru erakundeak 2.570 gutun eta 1.550 mezu elektroniko bidali dizkie aste honetan lurraldeko beste hainbeste familiari Guraso Eskolan parte hartzera gonbidatzeko.

Hauek dira Guraso Eskolaren fase berri honetako topaketak:

  • Azaroak 9, Bilbo. UPV/EHUko Bizkaia Aretoa. Abandoibarra hiribidea, 3 (18:00). Gaztelaniazko saioa. Sarbide telematikoa izateko aukera, hala eskatzen bada.
  • Azaroak 11, Barakaldo. Clara Campoamor Kultur Etxea. Gernikako Arbola kalea, 41 (18:00).
  • Abenduak 9, Getxo. Getxoko Elkartegia. Ogoño kalea 1 (18:00).
  • Abenduak 14, Durango. Durangoko Elkartegia. Landako etorbidea, 6 (18:00).
  • Abenduak 16, Gernika. Euskal Herria Museoa. Alegria jauregia. Allende Salazar kalea, 5 (18:00). Saioa euskaraz izango da. Sarbide telematikoa izateko aukera, hala eskatzen bada.

Hitzaldietan aurrez aurre edo telematikoki izena eman nahi dutenek honako inprimaki honen bidez egin dezakete: http://www.bizkaia.eus/eus/guraso-eskola edo 94 406 60 00 telefonora deituz.

Aurreko edizioak

2017an egin zen Guraso Eskola zikloaren lehen edizioan saioek Bizkaian ematen zen Arreta Goiztiarrean sartutako berrikuntzak ezagutarazteko balio izan zuten. Urte horretan arreta hori doako zerbitzu publiko bihurtu zen eta, gaur egun, lurraldeko eskualde guztietan banatutako 56 zentro baimendu eta itunduko sarearen bidez eskaintzen da. Ondorengo bi zikloetan, 2018an eta 2019an, neurogarapena zergatik den garrantzitsua eta familiatik estimulatzearen garrantzia aztertu ziren, hurrenez hurren. 2020an «Hizkuntzaren garapena: familia-ingurunearen garrantzia» gaiari buruz aritu ziren solasaldiak, eta, ondoren, «Familia hazkuntzaren euskarri» gaiari heldu zioten saio telematiko bakarrean.

Aurreko edizioei buruzko dokumentazio guztia foru webgunean kontsulta daiteke.

Zer da Arreta Goiztiarra?

Arreta Goiztiarra 0 eta 6 urte bitarteko haurrei, euren garapenean nahasmenduak dituztenei edo horiek pairatzeko arriskua dutenei eta horien familiei eta inguruneari  zuzendutako esku-hartzeen multzoa da; esku-hartze hau osasun-, hezkuntza- eta gizarte-ikuspegitik garatzen da, ahalik eta lasterren eta modu integralean haien premia iragankor edo iraunkorrak betetzeko helburuarekin.

Ebidentzia zientifikoak erakutsi duenez, garapenean zailtasunak daudenean tratamenduen eraginkortasuna handiagoa da 6 urte bete arte, plastikotasuna handiagoa delako bizitzako lehen urteetan eta adinean aurrera egin ahala gutxituz doalako. Hau da, emaitza hobeak lortzen dira adin goiztiarretan. Beraz, arreta goiztiarreko programen esku-hartzearen eraginkortasun-aukerak mugatuta daude.

2021ean, orain arte 75.000 ordu baino gehiago eman zaizkie arreta goiztiarrean lurraldeko 2.000 adingabe baino gehiagori. Urte amaieran, 113.000 ordu baino gehiago ematea aurreikusi da.

Arreta Goiztiarreko Foru Zerbitzuari buruzko datuak 2017-2020 datuen artean eskuratzeko, sakatu hemen.