Euskadikgarapen iraunkorrarekin bateragarria den biodibertsitatearen babesa defendatu du

0

Glasgowko COP26 Biodibertsitatearen Egunean, Euskadik berretsi egin du 2020tik parte hartzen ari den biodibertsitateari buruzko Edinburgoko Adierazpenaren edukia, eta indartu egin du bere presentzia ekimen honetan, Gasteizko Udalaren atxikimenduarekin.

Edinburgoko Adierazpenak eskualdeko eta tokiko gobernu-mailek biodibertsitatearen inguruko helburuen esparru orokor berri bat betetzeko duten zereginean eskumen gehiago aitortzeko eskatzen du, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-erresilientzia handiagoa lortzeko.

Adierazpen honetara harpidetutako mundu osoko eskualdeetako eta tokiko 200 gobernuk baino gehiagok parte hartuko duten ekitaldiaren aurretik bilera egin dute , Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak (Regions 4 aliantzako eta Udalsarea sareko presidenta gisa),Màiri McAllan Eskoziako Ingurumen eta Biodibertsitate ministroarekin eta Jyoti Mathur-Fillip Nazio Batuen Hitzarmen Orokorraren Zuzendariarekin.

Bilera horretan, garapena eta biodibertsitatea hazkunde jasangarriarekin eta ingurumen-bermedun enpleguaren sorrerarekin uztartzeko beharraz hausnartu dute hiru ordezkariek.

Oreka posible da, eta hala aitortzen du kudeaketa-araudiak berak, adibidez, Natura 2000 Sareari dagokionak. Gune babestuei gizarte-garapenean eragina duten ekimenekin esku har dakieke, betiere bermeak eskaintzen badira.

Biodibertsitatea Euskadin

Euskadiko lurraldearen % 23 naturagune babestuak dira. Horiek etorkizunean oraingoa bezalako pandemiei aurrea hartzen laguntzen dute. EAEko lurraldearen % 23 babes-moduren baten pean dago, batez ere Natura 2000 Sarearen babespean: interes bereziko naturaguneak babesteko Europako programarik garrantzitsuena

Euskadiko Biodibertsitate Estrategiak ibilbide-orri bat du, natura-ingurunearen babes-egoera hobetzea helburu duena eta pertsonen ongizaterako zerbitzu ekosistemikoen aberastasunari balioa ematen diona.

Euskadiren biodibertsitate aberatsa, neurri batean, kokapen geografikoari zor zaio. Izan ere, Mediterraneoaren eta Atlantikoaren arteko trantsizio klimatikoko eremu batean dago, eta kostaldea eta mendia ditu. Europar Batasuneko lurraldearen % 1 baino ez den arren, Europaren intereseko habitaten % 35, fauna-espezieen % 21 eta flora-espezieen % 2 hartzen ditu, gutxi gorabehera. Guztira, 2.500 espezie baino gehiago hartzen ditu. Hala, esaterako, Britainia Handiak dituen 1.300ak gainditzen ditu.

Aberastasun horren erakusgarri dira Euskadiko Natura 2000 Sarean aitortuta dituen 55 bitxi naturalak. Horien artean daude kontserbazio bereziko eremuak eta hegaztientzako babes bereziko eremuak.

Euskadik sei urtean behin ebaluatzen du bere burua (2007-2012 eta 2013-2018 aldiak), joerak aztertzen ditu eta kontserbazio-politiken eraginkortasunaren konparazioak egiten ditu.

Zehazki, Euskadiko habitaten % 22k kontserbazio-egoera orokor ona dute, eta horrek hobekuntza dakar 2007-2012 aldiarekin alderatuta. Euskadin hobekien kontserbatzen diren habitatak harkaitzak, larreak, zuhaixka esklerofiloak eta txilardiak eta sastrakak dira.

Gaur egun, izapidetzen ari diren proiektu hauek nabarmentzen dira:

  • San Lorenzo aintziraren zaharberritzea eta Txingudiko Badiaren inguruko naturguneen konektibitatea hobetzea. Jarduera Txingudiko paduretan egingo da, ekologia-, ingurumen- eta paisaia-balio handia baitute.
  • Gautegiz Arteagako paduren kontserbazioa eta ingurumen-hobekuntza (Urdaibaiko Biosfera Erreserba). Espazio horrek natura-aniztasun handia du, eta, bertan, Kontserbazio Bereziko 3 Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bat (HBBE) daude, Natura 2000 Sarean integratuta. Gainera, natura-intereseko Ramsar Hezegunea da.
  • Gatz Haranaren ibilbide ekologikoa (Gesaltza Añana). 1,3 kilometroko ibilbidea, Muera ibaiaren ondotik eta lurruntze-larrainen azpitik doana. Begiratoki bat du, Añanako gatzagen ingurumen-balioa eta turismo-erakargarritasuna aberasteko.