Euskadiko hidrogeno eta eoliko off shore estrategiei erreparatu die Europako Batzordeak

0

Euskal ordezkaritzaren COP26ko  bigarren eguna energia gaietan zentratu da, Europako Batzordeko DG Energyk antolatutako ekitaldi batean.
Ekitaldia Kadri Simson Energiaren komisarioa buru izan duen hitzaldi batekin hasi da. Bertan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak Euskadiko estrategia energetikoa azaldu du, eta Europako Batzordeak horretarako hautatu dituen bi eremu interesgarrietan jarri du arreta: hidrogeno berdearen aldeko euskal apustua eta energia berriztagarrien garapenerako aukerak off shore eolikoarekin.

Bere hitzaldian, Tapia sailburuak Simon komisarioarekin adierazi dio energia-kostuen egungo arazoengatik kezkatuta dagoela.
Tapiak “trantsizio honetan tempoen oreka aurkitzeko beharra” azpimarratu du berriz ere. “Berriztagarrietan inbertitzea eskatuko duten erritmoa eta baliabideak erregai fosilak pixkanaka uzteko beharrezko epeekin egokitu behar dira”.

Euskadiko off shore eolikoa eta hidrogenoa dira, Europan erreferentzia izan daitezkeen ereduak, Europako Batzordearen interesa piztu duten proposamenak, trantsizio energetikoan aurrera egiteko eta klima-aldaketaren mehatxuei erantzuteko baliozko apustu gisa. Berriztagarriak konponbidearen zati garrantzitsua dira, eta, aldi berean, ekonomia eta enplegua sortzeko aukerak areagotzen dituzte.

Tapiak azaldu duenez, “Euskadik sektore eolikoaren prozesu osoa, lehorrekoa zein itsasokoa, betetzeko gaitasuna du, parke eolikoaren garapenetik hasi eta eragiketa eta mantentze-lanetaraino, zimenduen fabrikaziotik pasatuz”. Ildo horretan, COP26 biltzarrean agerian geratu da euskal enpresek parte hartzen dutela munduko itsas proiektu eoliko gehienetan. Bai itsas hondoari ainguratutako zimendu finkoetan, bai zimendu flotatzaileen frogapenean.

Bide batez, Eusko Jaurlaritzak COP26ren erakusleihoa baliatu du “Hidrogenoaren Euskal Estrategia” partekatzeko. Garapen garrantzitsu horren helburua hidrogenoaren ekosistema sortzea da, hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenean oinarrituta. Gainera, estrategiak biltegiratze-, garraio- eta banaketa-azpiegiturak barne hartzen ditu, tokiko merkatuari eusten diotenak eta nazioarteko esportazio-merkatuan garrantzia izango duen logistika-zentro bat ezartzeko oinarri izango direnak.

Bihar COP26ko euskal ordezkaritzak Biodibertsitatearen Eguneko ekitaldietan parte hartuko du. Edinburgoko Adierazpenean egongo da, eta Munduko Biodibertsitate Biologikoaren Esparruari balioa emango dio.