55 milioi euro Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzeko urte anitzeko planaren baitan

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, UPV/EHUri zuzeneko dirulaguntza bat ematea, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren eraikuntza finantzatzeko, inbertsioen urte anitzeko planaren baitan. Dirulaguntza horren kopurua 55.035.217,94 eurokoa da, 2021-2025 tarterako.

Proiektu honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko duen guztizko aurrekontua 55.614.435,86 eurokoa da. Kopuru honek barne hartzen ditu proiektuaren idazketa, obra-zuzendaritza, kalitate-kontrola eta eraikinaren obra bera. Kopuru horren barruan, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan, Eusko Jaurlaritzak 579.217,93 euro finantzatu ditu dagoeneko, proiektuaren idazketari dagozkionak.

Beraz, Hezkuntza Sailak eraikin berriaren proiektua gauzatzeko 2021etik 2025era bitartean finantzatu beharreko zenbatekoa 55.035.217,94 eurokoa da, urteka honela banatuta:

2021 2022 2023 2024 2025 GUZTIRA
392.723 € 3.500.000 € 14.600.000 €  29.400.000 €  7.142.493 €  55.035.217 €

 

Urte bakoitzeko dirulaguntza egindako gastua justifikatu ondoren ordainduko da, horretarako aurrekontu-ekitaldi bakoitza amaitu aurretik aurkeztu beharreko direlarik agiriak.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Bilbon egingo da, Basurtuko Ospitalearen ondoan. Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako Graduak hartuko ditu, baita Osasun Zientzien arloko master ofizialen irakaskuntza ere.

Aipaturiko gradu horiez gain, eraikin berria Polo aurreratu bat ere kokatuko da: “Osasun Zientzien Unibertsitate Prestakuntzarako, Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua”. Polo hau Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresen berrikuntzarako ikerketa aplikatuko proiektuak garatzeko ingurunea izango da; eta patenteak eta start-up-ak jaiotzean sortutako ezagutzaren transferentziarako elementu dinamizatzailea ere bai. Era berean, elkarlaneko ikerketaren eta transferentziaren arloa lankidetzaren bidez bultzatuko da, EHUko erreferentziazko prestakuntza-zentroen eta oinarrizko eta ikerketa aplikatuko BERC zentroen arteko lankidetzaren bidez, besteak beste, Achucarro Basque Center for Neuroscience, BCMaterials edo Biofisika BERC-en bidez.

Gaur egun, proiektua obra-lizitazioaren fasean dago.