Eusko Jaurlaritzak 55 milioi euro bideratuko ditu Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzera

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran Euskal Herriko Unibertsitateari dirulaguntza zuzen bat ematea onartu dela, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria egiteko lanak finantzatzeko. Onartutako kopurua 55 milioi eurokoa da eta, kopuru horri, beste 580.000 euro gehitu behar zaizkio, dagoeneko proiektua erredaktatzeko EHUri ordaindu zaizkionak. Bildarratz sailburuak nabarmendu du Euskadirentzat estrategikoa den proiektu baten aurrean gaudela, izan ere, bere ustez, “gizarte moderno eta aurreratu batek, ezinbesteko ditu etorkizuneko profesionalak behar bezala prestatzeko azpiegiturak; eta premia hori are nabarmenagoa da, Osasun kontuez ari bagara”.

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Bilbon egingo da, Basurtuko Ospitalearen ondoan. Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintzako Graduak hartuko ditu, baita Osasun Zientzien arloko master ofizialen irakaskuntza ere. Aipaturiko gradu horiez gain, Hezkuntza sailburuak nabarmendu du eraikin berrian Polo aurreratu bat ere kokatuko dela: “Osasun Zientzien Unibertsitate Prestakuntzarako, Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua”. Polo hau Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresen berrikuntzarako ikerketa aplikatuko proiektuak garatzeko ingurunea izango da; eta patenteak eta start-up-ak jaiotzean sortutako ezagutzaren transferentziarako elementu dinamizatzailea ere bai.

Sailburuak azaldu duenez, une honetan, proiektua onartu ondoren, lanak esleitzeko fasea irekita dago. Lizitazio hau, lanekin loturiko gainerako kontratazio guztiak bezala, UPV/EHUri dagokio.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita txertaketa prozesuaren inguruko informazioa ere.

Osasuneko sailburuak adierazi duenez, atzera begiratuz gero, zalantzarik gabe duela urtebete baino hobeto gaude, baina ospakizun-datei begira, guztiok ospatu nahi ditugula kontuan hartuta, babes-neurriak bete behar direla azpimarratu du. Ildo horretan, nabarmendu du txertoa dela birusa garaitzeko tresnarik onena, baina ez bakarra: eskuen higienea, espazio itxien aireztapena, jende-pilaketak saihestea eta, batez ere, maskara erabiltzea. “Gure esku dago. Jar gaitezen martxan bihar ospatu ahal izateko”, azpimarratu du.

Txertaketari dagokionez, beste behin ere, Osasun sailburuak dei egin die oraindik txertoa hartu ez dutenei Osakidetzan hitzordua eska dezaten, bai osasun-zentrora deituta, bai web-orriaren bidez; izan ere, “txertoa hartu EZ duen pertsona batek 4 aldiz aukera gehiago ditu ospitaleratuta amaitzeko, txertatuta dagoen pertsona batek baino”.

Txertaketa-prozesuari dagokionez, Gotzone Sagarduik azaldu du abuztuan COVID pasatu zutenek sms bat jasoko dutela txertoa hartu dezaketela gogorarazteko. «Erantzun iezaiozue dei horri, zuen eta besteen osasunagatik», esan du. Bestalde, gogorarazi du txertaketa-kanpainarekin jarraitzen dela: hirugarren dosiak ematen zaizkie 70 urtetik gorako pertsonei eta immunodeprimituei; eta atzotik, indartze-dosiak ematen zaizkie Janssenen txertoa jaso zutenei. Osakidetza atzo hasi zen SMSak bidaltzen, JANSSEN txertoa hartu zutenei ohartarazteko hitzordua eska zezaketela errefortzu-dosia jasotzeko. «Atzo bertan hasi zen txertaketa. 28.458 hitzordu eman ditugu eta dagoeneko 6.356 txerto indargarri eman zaizkie Janssenen txertoa jaso zutenei”, azaldu du.

Errefortzu-dosia lortzeko, zenbait irizpide bete behar dira.

  • Pertsonak COVID-19a lehen dosia eman baino lehen igaro badu, ez da errefortzu-dosirik beharko, 65 urte edo gehiago baditu izan ezik.
  • 3 hilabete baino gehiago igaro behar dira lehen dosia eman zaionetik.
  • Lehen dosia jarri ondoren Covid-19a diagnostikatu bazaio, 3 hilabete itxaron beharko du Covid19aren diagnostikoa egin zenetik.

Covid-19 Txertaketa Estrategiaren arabera, errefortzu dosirako EMAk onartutako RNA mezulariaren bi txertoetako edozein erabiliko da, hau da, Pfizer edo Moderna. Horrela, kolektibo hori guztia animatu du indartze-dosia lortzeko hitzordua eskatzera.

ZUZENEKO LAGUNTZAK

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Autonomoei eta enpresei zuzendutako  zuzeneko laguntzei dagokienez, iragarri du Euskadin 5.850 eskaera jaso direla, eta horietatik % 64, 3770, ebatzi direla. Dagoeneko ordainduta dagoen zenbatekoa 41,2 milioi eurokoa da, eta horiei beste 58,6 milioi gehitu behar zaizkie, konprometituta daudenak. Beraz, Zupiriaren arabera, erabiliko den gehieneko zenbatekoa 115 milioi eurokoa izango da, aurreikusita zegoen 270 milioi euroko poltsatik. Sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak esleitzen ez dituen baliabideak – Eusko Jaurlaritzak laguntza horiei eman zien zenbatekotik datozenak – ahalik eta modu egokienean erabiliko ditu, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko politika publikoetara bidera daitezen.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lan eta Enplegu sailaren eskutik, alde batetik, gaurko bileran, sindikatu- eta enpresa-erakundeei diru-laguntzak ematea arautzen duen dekretu berria onartu da, erakunde horiei lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak gara ditzaten beren jarduera-eremuetako gaietan. Bestalde, Gobernu Kontseiluak Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako langileen kopurua handitzea erabaki du, haien eskumeneko proiektu berriei erantzuteko. Proiektu berri horiek Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko arretarako guneetarako Berpiztu programaren ezohiko funtsetatik eta Espainiako Gobernuko hainbat ministeriorekin sinatutako hitzarmenetatik eratorritakoak dira.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena