Gaur egindako Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren bileran, EMAk pediatriako txertoak baimentzeko prozesuari buruzko informazioa eskatu du Euskadik; eta Ministerioari mekanismo eta baliabide guztiak erabiltzeko eskatu dio, prozesuak azkartzen saiatzeko eta, horrela, tresna baliotsu hori ahalik eta azkarren eduki ahal izateko. Hala jakinarazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, gaur arratsaldean Cadena Ser irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
Era berean, Sagardui sailburuak aukera aprobetxatu du oraindik txertoa hartu ez duten pertsonak hitzordua hartzera animatzeko; izan ere, txertoa hartu ez duen pertsona batek 4 aldiz aukera gehiago ditu ospitalean amaitzeko, txertatuta dagoen pertsona batek baino.
Egoera epidemiologikoari dagokionez, Osasun sailburuak azaldu du azken asteotan ikusi den goranzko joerarekin jarraitzen dugula. Euskadin, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa 125,74 da gaur egun, baina, zorionez, ospitaleetan ez du, beste une batzuetan ikusi den, eraginik izan. Hala ere, Gotzone Sagarduik gogorarazi du zenbat eta kutsatu gehiago, orduan eta arrisku handiagoa ospitaleratze gehiago behar izateko; horregatik, babes-neurriak betetzeko deia egin du.
Ildo horretan, eta gabonei begira, sailburuak adierazi du ez dela ahaztu behar pandemian gaudela oraindik, eta gaur zuhurtasuna eta eraginkorrak direla dakigun neurriak aplikatzen baditugu, hobe egongo garela denok. Hala, goranzko joerari buelta emateko garaiz gaudela adierazi du, “presta gaitezen gaur, saia gaitezen une horretara ahalik eta hoberen iristen”.