Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Alzheimer-en IX. Biltzar Nazionala irekitzeko ekitaldian parte hartu du, Vitoria-Gasteizen
“Harro dago Euskadi urtean behingo ekitaldi garrantzitsu hau bertan delako”, esan du Beatriz Artolozabalek, CEAFAk Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian antolatu duen Alzheimer-en IX. Biltzar Nazionala irekitzeko ekitaldian. Ekitaldian, Emilio Sola Arabako Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatuak eta Gorka Urtaran hiriko alkateak ere parte hartu dute, bai eta CEAFAko ordezkariek ere.
Sailburuak ez ditu zerrendatu bere Sailak eraginpean dauden pertsona eta haien familiartekoei zuzentzen dizkieten programak –besteak beste, betiON aurreratua narriadura kognitiboa duten pertsonetara egokitua, eta beste batzuk–, eta honako hau aipatu du: “une honetan, eskerrak eman behar dizkiogu CEAFAri, egiten duen lanagatik, eta Alzheimer-en gaixotasunarekin zerikusia duten pertsona eta erakundeei bermatu behar diegu gure babesa dutela, erabatekoa, eta hemen gaudela: Eusko Jaurlaritzak Alzheimer-en aurrean ZERO OMISIOdun gizartearen alde egiten du apustu.
Artolazabalek biltzarraren ardatzetako bati egin dio erreferentzia, kutsadurak eta klima-aldaketak garunaren zahartzean duen inpaktuari, eta honako hau nabarmendu du: “badago beste klima bat, klima soziala deritzona, eta horrek ere Alzheimer-en gaixotasuna dutenengan eta haien familiartekoengan badu eragina”. Sailburuak honako hau azpimarratu du: “estigmek, ukapenek, gaitzespenak eta laguntzarik ezak kutsatzen duten klima sozialak pertsona askoren bizi-kalitatea kaltetu eta beste batzuen bizi-proiektuak blokeatzen ditu”.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradunaren iritziz, Vitoria-Gasteizko biltzar honen tankerakoak “funtsezkoak dira; izan ere, eraginpean daudenen eta haien familiartekoen elkarteen arteko kontakturako bide emateaz ez ezik, esperientzia positiboak trukatzeko eta aurrerakuntzak zabaltzeko bide ere ematen dute. Hau bezalako biltzarrek sentsibilizazio-olatua sortzen dute, eta olatu hori gizarteko gero eta eremu sakonagoetara iristen da”.
Artolazabalek esan duenaren arabera, Alzheimer-en aurreko gizarte-sentsibilizazioa lehen urratsa da, “giroa garbitzeko, gaixo eta familiartekoen prebentzio-zaintzetan, terapietan eta bizi-kalitatea hobetzeko sistemetan aurrera egiteko. Bai eta ikerketan ere”.