Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok «Bezeroaren esperientzia» leloarekin SER kateak antolatutako merkataritzaren topaketetan hartu du parte gaur. Bertan, merkataritza sustatzeko bereizketa-estrategia aztertu da.
Sailburuak gogorarazi du askoz ere informatuagoa eta etengabe konektatua dagoen kontsumitzaile baten aurrean gaudela, eta horrek produktua ez ezik, erosketa-esperientziak sortzen dituen zerbitzua eta eskaintza gero eta pertsonalizatuagoa eskatzen dituela. “Joerei buruzko Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren azken txostenak nabarmentzen du kontsumitzaileen % 50ek uste duela objektu pertsonalizatu bat opari bikaina dela, % 41ek zerbait bakarra izatea atsegin duela eta % 20k gehiago ordainduko lukeela ezaugarri horiek dituen artikulu batengatik”.
Baina, gainera, kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen dute tratu hurbila eta pertsonalizatua, esperientzia bat. Eta horretan, garrantzitsua da denda fisikoaren inguruneak ere laguntzea. “Hori, gainera, espazio publikoa berreskuratzeko gero eta hedatuago dagoen mugimendu baten parte da. Eta ni pertsonentzako berreskuratutako hiri-espazioen beharraren defendatzaile sutsua naiz”.
Sailburuak azaldu duenez, azterketa ugarik erakusten dute jasangarritasun-neurriak hartzea eta oinezkoentzako guneak egitea funtsezkoak direla merkataritzaren eta ostalaritzaren diru-sarrerak handitzeko. Eta horrek berdin eragiten die, azterketa horien arabera, hiriguneari eta hirien periferiari. Gainera, merkataritzaren eta ostalaritzaren arteko beharrezko harremana ere frogatuta geratu da; izan ere, saltokiak errentagarriagoak dira jatetxe-arloko negozioak, tabernak eta jatetxeak dauden lekuetan.
“Oinezkoentzako kaleek, beste neurri batzuen artean, helburuetara bideratutako erosketa-esperientzia eralda dezakete, hau da, helmugaraino gidatu, erosi eta alde egin beharrean, paseatzera joan, kafe bat hartu, lagunekin hitz egin eta antzeko beste esperientzia batzuk bizitzea eragin dezakete. Bigarren aukera horrek, hiri lagunkoienekin erabat lotuta dagoenak, nabarmen hobetzen du hiriko giroa, eta, horrekin batera, tokiko merkataritza”.