Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresua 2021 “Lanbide Heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean”

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hasiera eman dio Donostian, Hezkuntza Sailak antolatuta gaur eta bihar Kursaal Jauregian egiten ari den Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuari. Kongresua honako izenburu honekin burutuko da: “Lanbide Heziketa Gizatasunaren, Teknologiaren eta Adimenaren aroaren aurrean”.

Irekiera instituzionalaren eta goizean zehar izan diren hitzaldien ondoren, Iñigo Urkullu Lehendakariak emango dio itxiera nazioarteko kongresuaren lehen jardunaldi honi.

Ongietorri instituzionalean parte hartzaile izan dira, Bildarratz sailburuarekin batera, Manuela Geleng, Europako Batzordeko Enplegu eta Gizarte Gaietako zuzendaria, eta Clara Sanz, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioko Lanbide Heziketako idazkari nagusia.

Bi egunetan (azaroak 10 eta 11), izena eman duten 960 pertsona inguru izango dira Kursaalen goi-mailako nazioarteko hizlarien azalpenak aurrez aurre entzuten. Askotariko arloak landuko dira, hala nola industrian hasi, teknologian segi gastronomian barna eta, jakina, baita hezkuntzaren esparrua ere, guztiak 4. industria-iraultzaren aurrerapenari eta Lanbide Heziketan duen inplikazioari lotuak.

Nolanahi ere, Nazioarteko Kongresu hau mundu osoan ari da jarraitzen, streaming bidez. Donostiako Kursaal Jauregian aurrez aurre izango diren pertsonei hitzaldiei Internet bidez jarraitzeko izena eman duten guztiak gehitu behar zaizkie. Guztira, bost kontinenteetako 156 herrialdetako 4.200 pertsonak baino gehiagok eman dute izena kongresurako.

Hori dela eta, kongresua streaming bidez ematen ari da hiru ordu-eremutan: zuzenean Europarako, eta berandutxoago beste bi ordu-eremutarako, Kursaaleko saioei beste kontinente batzuetatik jarraitzen dietenentzat erosoagoa izan dadin.

Lanbide Heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean

Izenburu adierazgarri horrekin, Kongresuak oso kontuan hartzen du 4. industria-iraultzaren etorrerarekin teknologiak etorkizun hurbilean izango duen berebiziko garrantzia, baita gaur egun duena ere. Egun hauetarako antolatutako hitzaldi eta saioetan, alderdi teknologikoak landuko dira, baina are neurri handiagoan hartuko da kontuan giza dimentsioa, hots, pertsonak ingurune teknologiko horretarako prestatzeak duen garrantzia. Hitzaldiek pertsonak izango dituzte ardatz, haiek baitira, azken batean, protagonista izan behar dutenak, garapen teknologikoaren aurretik.

Adimen artifiziala, sistema adimendunak, automatismoak edo robotizazioa gero eta errealitate arruntagoak dira, eta hauen eraginez aldatzen ari dira gizartea, lan egiteko modua eta harremanak ezartzeko modua. Testuinguru horretan, teknologiak ez du berezko helburu izan behar, gizakientzako laguntza baizik, ongizaterako baliabide osagarria baizik. Teknologia bera bakarrik nahikoa ez denez gero, pertsonen prestaketa funtsezkoa da ingurune berri horretan lan egiten eta bizitzen jakiteko. Azken batean, gizatasunaren arorantz abiatu beharra dago, teknologiaren arorantz baino neurri handiagoan.

Ikuspegi horrekin abiatu da Nazioarteko Kongresua, eta hasiera instituzionalaren ondoren, lehen hitzaldiak Lanbide Heziketari eta industriari buruzkoak izan dira. Lehenik eta behin, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Árevalok hartu du hitza, “Lanbide Heziketa adimenaren eta konplexutasunaren erronkaren aurrean” hitzaldiarekin. Ondoren, CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) euskal enpresako presidente Andres Arizkorretak Lanbide Heziketak etorkizuneko enpresentzat duen garrantzian sakondu du.

Bisita Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetara

Gaur arratsaldean, Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetara egingo dituzten bisiten bidez, Nazioarteko Kongresuko parte hartzaileek bertatik bertara ikusi ahal izango dute euskal Lanbide Heziketa nola ari den prestatzen dagoeneko oraina den etorkizun horretarako. Zehazki, Bergarako Miguel Altuna LHII, Usurbilgo LHII, Tolosaldea LHII eta Tknika (Euskadiko LHko Ikerketa Aplikatuko Zentroa) bisitatuko dituzte, azken hau Errenterian. Euskadiko Lanbide Heziketan hainbat arlo estrategiko nola lantzen diren ezagutuko dute, hala nola energia adimenduna, fabrikazio aurreratua eta fabrikazio adimenduna, fabrikazioari edo elikadurari lotutako 3D inprimaketa, zibersegurtasuna eta elikagaien karakterizazioa.

Kongresuaren lehen eguneko hitzaldien artean, Marc Vidal aholkulari eta prestatzailearena ere azpimarratu behar da (“Gizateriaren arorantz”). Ekonomia digitaleko aditu horren arabera, teknologia ez da aurkaria, tresna baizik, eta etorkizuneko gizartea birpentsatzeko gakoak emango ditu hitzaldian. Gizarte horretan, robotek ez dute gizakia ordezkatuko; aitzitik, gizakiarekin batera egingo dute lan.

4.0 gastronomia

Bihar, osteguna, hitzaldi eta saioek jarraipena izango dute kongresuan, askotariko ikuspuntutan eta jarduketa-alorretan oinarrituta. Goizeko lehen bi hitzaldien ardatz nagusia eraldaketa digitala izango da. Europako Batzordearen Ikerketa Zentroko Enplegu eta Gaitasunen Taldeko koordinatzaile Enrique Fernández Macíasek “Lanaren digitalizazioa COVID-19aren garaietan” hitzaldia emango du. Ondoren, Ivy Tech Community College-ko (AEB) Fabrikazioko, Ingeniaritzako eta Zientzia Aplikatuetako presidenteorde Sue Griffit Smithek “Eraldaketa digitala fabrikazioko prestakuntzan” gaiari helduko dio.

Europako Batzordeak nazioarteko kongresu honetan duen parte-hartze eta inplikazio handia agerian geratuko da berriz ere bihar, Europako Batzordeko Enplegu, Gizarte Gai eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiko senior aditu Joao Santosen hitzaldiarekin. Santosek, zehazki, Europako Batzordeak bikaintasun profesionalaren inguruan bultzatu duen Europako ekimena azalduko du. Bestalde, TNOko (ikerketa zientifiko aplikaturako Herbehereetako Erakundea) ikertzaile senior Steven Dhondt-ek 5.0 industriak hezkuntzarako eta prestakuntzarako dakartzan erronkak landuko ditu.

Jardunaldia eta kongresua bera amaitzeko, gastronomiaren esparruan gertatzen ari den eraldaketa digitala aztertuko da, hots, 4.0 Gastronomia izenekoa. Horretarako, jatetxe-arloko marketinean eta berrikuntzan aditua den Diego Coquillat-en eta Tknikako (Euskadiko LHko Ikerketa Aplikatuko Zentroa) Mari Jose Barriolaren hitzaldiak izango dira. Azken horrek Euskadiko ostalaritza-eskolak eraldaketa digitalean egiten ari diren urratsak azalduko ditu.

Eneko Atxa sukaldariak emango dio amaiera kongresuari bihar. Sukaldari ospetsu hau Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle ohia eta bost Michelin izarren jabe.