Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Donostiako Kursaal jauregian ospatu den “Lanbide Heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean” Nazioarteko Kongresuaren lehen egunari amaiera eman dio.
Hezkuntza Sailak antolatuta, nazioarteko kongresu hau Donostiako Kursaal jauregian egingo da, azaroaren 10ean eta 11n. Maila goreneko nazioarteko hizlariek parte hartuko dute, hainbat arlotakoak, guztiak ere 4. industria-iraultzaren aurrerapenari eta Lanbide Heziketan honek duen inplikazioari buruzko gaietan sakonduko dutenak.
LANBIDE HEZIKETA
Kongresu hau dela eta, bertaratuek Euskal Lanbide Heziketaren ereduan egiten ari diren eraldaketak ezagutzeko aukera izango dute. Eraldaketa horiek etorkizuneko beharrei erantzutea ahalbidetuko dute.
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Lanbide Heziketa eraldaketa horien abangoardian kokatzen saiatzen ari dela, “bihar beharko duguna lantzen ari da gaur”. “Gure gazteak gizarte desberdin eta hobe batean bizitzeko prestatzen eta gaitzen ditu. Aukera gehiago dituen gizartean. Baita balio eta helburu berriekin ere. Erronka berriak onartzeko prest dagoena “gizadiaren, teknologiaren eta inteligentziaren aro” honetan”, azaldu duenez.
BERRIKUNTZA ETA AURRERAPENA
«5.0 Gizarte » baterantz aurrera egiten ari garen une honetan, aukera eta onura globaletarako espazio handia den aro berri honetan, baina baita arrisku handietarako ere, Lehendakariak berrasmatzen lagunduko duten estrategia disruptiboen beharra adierazi du.
Hori horrela, nabarmendu du Euskadi Basque Country-ren helburua aurrerapena bultzatzea dela, Giza Garapen Iraunkorraren ereduan oinarritutako aurrerapena, “ongizatearen gizartea, gizarte justu eta solidarioa sendotu eta ziurtatu behar duena”. Lehendakariaren arabera, hezkuntzan, osasunean, gizarte-kohesioan, jasangarritasunean eta berrikuntza-gaitasunean oinarritutako aurrerapena izan behar du, 2030 Agendak eskaintzen duen epe luzerako ikuspegia partekatuz. “Gizarte aurrerapen orekatua sendotzeko beharrezkoak diren maila moral eta etikoa partekatuz”, gaineratu du. Ildo horretan, ingurune naturalean eta jasangarritasunean oreka aurkitzeko gai izango garen itxaropena agertu du, lankidetzaren bidez, gizadiaren etorkizuna ziurtatzeko.
Urkullu lehendakariak azpimarratu du etorkizuneko espazioaren diseinuan beharrezkoa dela pertsonak erronkaren erdigunean kokatzea; izan ere, lehendakariaren hitzetan, ez goaz teknologiaren arorantz; egia esan, gizateriaren aro berri baterantz goaz. «Ez dezagun ahaztu, pertsonak dira edozein eraldaketaren protagonista nagusiak», azpimarratu du.
LANBIDE HEZIKETAKO NAZIOARTEKO KONGRESUA 2021
“Lanbide Heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean”, titulu adierazgarri honen azpian, Kongresuak ez du alde batera uzten teknologiak etorkizun hurbilean, edo are gaur egun ere, 4. industria-iraultza iristean izango duen berebiziko garrantzia.
Bi egunetan (azaroak 10 eta 11), izena eman duten 960 pertsona inguru izango dira Kursaalen goi-mailako nazioarteko hizlarien azalpenak aurrez aurre entzuten. Askotariko arloak landuko dira, hala nola industrian hasi, teknologian segi gastronomian barna eta, jakina, baita hezkuntzaren esparrua ere, guztiak 4. industria-iraultzaren aurrerapenari eta Lanbide Heziketan duen inplikazioari lotuak.
Nolanahi ere, Nazioarteko Kongresu hau mundu osoan ari da jarraitzen, streaming bidez. Donostiako Kursaal Jauregian aurrez aurre izango diren pertsonei hitzaldiei Internet bidez jarraitzeko izena eman duten guztiak gehitu behar zaizkie. Guztira, bost kontinenteetako 156 herrialdetako 4.200 pertsonak baino gehiagok eman dute izena kongresurako