Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute larrialdien eta babes zibilaren arloan

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Irma Basterra Arabako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Saileko diputatuak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren bidez Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzak kudeatutako ENBOR SAREAN, TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean integratuko da, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratutako administrazio publikoen artean komunikazioa ezartzeko biderik egokiena denez.

Modu horretara, Jaurlaritzak adierazitako sarean doan sartzeko bidea emango dio Arabako Foru Aldundiari, larrialdiei aurre egiteko eta horiek kudeatzeko esparruan dagozkion eginkizunak gauzatzeko beharrezko diren komunikazioei begira, eta Sarea bera mantentzeak, izan ditzakeen hedapenek eta beharrezko programazioek eragindako gastuen kargu egingo da.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak aipatutako Sareak ematen dituen geolokalizazio-tresnak ere erabili ahal izango ditu, eta horrek segurtasuna areagotuko du bere esku-hartzeetan. Horrez gainera, beharrezko diren komunikazio-ekipamenduak (walkie-talkieak, igorgailuak, etab.) erosteaz eta horiek mantentzeaz arduratuko da.

Hitzarmen hau lau urtez egongo da indarrean, izenpetzen den egunetik zenbatzen hasita. Gainera, alde bakoitzeko bina pertsonaz osatutako Jarraipen Batzorde bat eratuko da hitzarmena behar bezala ezartzen dela ziurtatzeko.

Gaur egun hainbat eta hainbat administrazio eta erakunde publiko daude komunikazio-sare horretan integratuta, horien artean Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoakoa, Ertzaintza eta udaltzaingoak, Osakidetza Larrialdiak, Suhiltzaile Zerbitzua, Gurutze Gorria, DYA eta Babes Zibileko boluntario taldeak.