Sorleku parkearen partaidetza prozesua aurkezteko bilera irekia ospatu da Donostian

0

Atzo Sorleku parkearen diseinua osatzeko partaidetza prozesua aurkezteko bilera irekia ospatu zen. Bilera hau Zuhaizti eskola publikoan egin zen eta parkea egingo den lur-eremuaren inguruko auzotarrei Udalaren asmoak, proiektuaren jatorria eta partaidetza prozesuaren planifikazioa azaldu zitzaizkien.

Udaleko ordezkari gisa Mariaje Idoeta auzoetako zinegotzi ordezkari espezifikoak, Ainitze Otamendi parke eta lorategietako zerbitzuburuak, Leire Orella gazteria saileko teknikariak, Amaia Agirreolea herri partaidetza zerbitzuko zerbitzuburuak eta Beñat Jauregi ekialdeko barrutiko partaidetza teknikari erreferenteak hartu zuten parte. Alubi elkarteko Larraitz Esnaola eta Idoia Morenok ere parte hartu zuten arukezpenean, eta proiektuaren jatorriaz eta partaidetza prozesuaren diseinuaz zein fase ezberdinen inguruko azalpenak eman zituzten.

Proiektuaren oinarria 2018an Martx Up! programaren baitan garatu zen Bizi Bizia Berhezi prozesuaren emaitza izango da, Alubi elkartearen eskutik Zurriola Ikastolako haurrekin egindako prozesutik ateratako oinarrizko diseinua. Prozesu hura dokumentatzen duen txostena eskuragarri dago albiste honen amaieran.

Prozesu honen helburua oinarrizko diseinu honi lur-eremuaren adin ezberdinetako auzotarrek ekarpenak egitea da, behar ezberdinei erantzun diezaion. Prozesuak 3 saio izango ditu eta azaroaren 18an, azaroaren 25ean eta abenduaren 2an izango dira.