Eusko Jaurlaritzaren iritzia 2021eko Klima gailurrak Glasgow-n hartutako akordioaren inguruan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Kontuan hartu da, negoziazioetan bi aste sendo egon ondoren, COP26 Klimari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren amaieran, 190 herrialde baino gehiago adostasun batera iritzi direla eta, horri esker, Parisko Akordioaren Erregelamendua osatu eta Parisko helburuei eutsi ahal zaiela, eta, hala, berotze globala 1,5 gradu zentigradura mugatzeko aukera dugula.

Kontuan hartu da Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak honako balioespen hau egin duela: “COP26ren hasieran ezarri genituen hiru helburuetan egin dugu aurrera: lehenik eta behin, emisioak murrizteko konpromisoak lortzeko, 1,5 graduko berotze globalaren mugari eusteko. Bigarrenik, garapen bidean dauden eta kalteberak diren herrialdeetarako urtean finantzaketa klimatikoko 100.000 milioi dolarren inguruko helburua lortzea. Eta, azkenik, Parisko Erregelamenduari buruzko akordioa lortzea. Hala, planeta honetan gizateriarentzako espazio segurua eta oparoa eskaini dezakegula uste dugu. Baina ezingo dugu atsedenik hartu: lan handia dago oraindik aurretik”.

Kontuan hartu da Parisko Akordioaren esparruan 195 herrialdek ezarri zutela munduko batez besteko tenperaturaren aldaketari 2°C-tik behera eta 1,5ºC-tik ahalik eta hurbilen eusteko helburua.

Kontuan hartua da COP26ren aurretik planetak 2,7°C-ko berotze global arriskutsurako bidea hartuta zuela eta, iragarki berrietan oinarrituta, komunitate zientifikoak 1,8°C eta 2,4°C bitarteko berotzerako bidean gaudela kalkulatzen duela. COP26k bere konpromisoak 2022a amaitu aurretik berrikustea adostu du, 1,5°C-ko berotzearen bidea har dezagun, eta, hala, asmoaren gehieneko puntuari eutsi diezaiogun,  Parisko Akordioaren esparruan. Halaber, lehen aldiz adostu du ikatz-energia eta erregai fosil ez-eraginkorrentzako laguntzak mailaz maila ezabatzeko ahalegina bizkortzea, eta bidezko trantsizioa bultzatzeko beharra aitortu zuen.

Kontuan hartu da COP26k Parisko Akordioaren Erregelamendu deritzonari buruzko negoziazio teknikoak osatu dituela, eta gardentasun- eta informazio-eskakizunak ezartzen dituela, alde guztiek emisioak murrizteko dituzten helburuei dagokienez egiten dituzten aurrerapenen segimendua egin dezaten. Erregelamenduak, halaber, 6. artikuluko mekanismoak barne hartzen ditu; haiek karbonoaren nazioarteko merkatuen funtzionamendua ezartzen dute, emisioen murrizketan munduko lankidetza handiagoa bultzatzeko.

Kontuan hartu da, klimaren finantzaketa dela eta, adostutako testuak herrialde garatuei agintzen diela egokitzapenaren finantzaketaren alde kolektiboa bikoiztera, 2021-2025erako urteko 100.000 milioi dolarren helburuaren barruan.

Kontuan hartu da Euskadi Europan erreferentea dela ekintza klimatikoaren arloan, berotegi-efektuko gasen emisioak % 25 baino gehiago murriztu baititu 2005etik eta, aldi berean, haren ekonomiak % 20 baino gehiago egin baitu gora.

Kontuan hartu da Basque Green Deal-en bidez –2021eko apirilean aurkeztu zen– Euskadik are anbizio klimatiko handiagoa duela, 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko konpromisoa hartu duelako, eta helburu hori juridikoki lotesle bilakatuko dela, gaur egun aurreproiektu-fasean dagoen trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren legea indarrean sartzen denean.

Kontuan hartu da Basque Green Dealek berotegi-efektuko gasen emisio garbia, 2005eko mailekin alderatuta, 2030erako gutxienez % 45 murrizteko tarteko helburua ezartzen duela.

Kontuan hartu da konpromiso horiek guztiak betetzeko Eusko Jaurlaritzak 2021eko urrian 2024rako Trantsizio energetikoaren eta klima-aldaketaren Plana onartu zuela eta, hartan, 15 ekimen jasotzen direla, politika klimatikoak, energetikoak, lurzoruaren erabilerakoak, garraiokoak eta fiskalak egokiak izan daitezen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.

Aurreko guztia kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak:

Lehenengoa. Partekatu eta onartu egiten ditu Glasgowko Klima Gailurrak (COP 26) hartutako akordioak, urrats erabakigarri gisa. Akordio osatu gabea dela uste du, baina, hala ere, historikoa, adostasun-maila kontuan hartuta; Glasgowen aurretiko egoera baino anbizio eta elkartasun handiagokoa, Parisko Akordioa betetzeko erregelamendua ezartzen duelako eta herrialde garatuei herrialde kalteberenen aldean finantzaketa handitzeko agintzen dielako.

Bigarrena. Trantsizio energetiko-klimatikoa herrialdeko helburu nagusi gisa finkatzen du. Eusko Jaurlaritza jakitun da gure planetan klima-aldaketaren aurkako borrokan eta ingurumenaren babesean lehenengo ekintza-ildoa dela. Konpromisoa hartzen du irtenbideak bilatzeko eta ekintzak areagotzeko eta, horri lotuta, finantzaketa bideratzeko, lehentasun global horri irtenbidea emateko tokiko erantzunen bidez.

Hirugarrena. Berotze globala errealitate ukaezina dela berresten du, eta hura arduraz kudeatzeak ingurumenerako, pertsonen osasunerako eta hazkuntza ekonomiko jasangarriagorako onurak ere badakartzala.

Laugarrena. Konpromiso irmoa adierazten du, politika publiko guztiak diseinatzean eta aplikatzean klima-aldaketaren inpaktuaren ikuspegia kontuan har dadin.

Bosgarrena. Euskadik COP 26n hartutako Glasgowko Akordioa sustatzeko konpromisoa berresten du.