Ertzaintzak gorroto-delituen aurkako 219 salaketa erregistratu ditu urteko lehenengo hamar hilabeteetan

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean inauguratu du “Islamari buruzko aurreiritziak desegiten” jardunaldia. Ertzaintzak, Euskadin finkatutako komunitate musulmanarekin lankidetzan, antolatutako lan, eztabaida eta hausnarketa saio honen bidez gorroto-delituen “xede-talde” honen estigmatizazio soziala jaisten lagundu nahi da.

Esku-hartzean Josu Erkorekak gizarteari eskatu dio “ausarta eta proaktiboa izateko, eta Islama praktikatzen duten pertsonei buruzko aurreiritziak, pertzepzio arruntak eta mito desinformatuak desegiten laguntzeko”, era horretara Euskadi “errespetutsua izan dadin bai gizarte demokratiko baten printzipioekin eta balioekin bai fede eta sinesmen erlijiosoekin, azken batean gorroto-portaerarik eta -diskriminaziorik gabeko gizarte pluralista eta irekia izan gaitezen”.

Horretarako, adierazi du funtsezkoa dela “portaera intoleranteak ezabatzeko” lan egitea, eta gogorarazi du adierazpen-askatasunak ezin duela “inoiz estali gorroto-diskurtsoa”. Alde horretatik, azaldu duenez, “gorroto-delituen salaketak gorantz doaz Euskadin, eta hori ikuspegi positibotik ulertu behar da; izan ere, egiaztatzen du delitu-mota hori azaleratzen ari garela: gero eta gehiago hautematen eta salatzen dira bai gizarteak gero eta kontzientzia handiagoa duelako, bai Ertzaintzako agenteak eta Euskadiko udaltzainak pixkanaka formakuntza jasotzen ari direlako”.  Josu Erkorekak zenbaki batzuk ere eman ditu: “aurtengo lehenengo hamar hilabeteetan bakarrik, gertakari arrazistekin edo xenofoboekin lotuta Ertzaintzak erregistratu dituen delituak % 48,55etik % 55,71ra igo dira iazko urtearekin alderatuta. Horien artean, komunitate musulmanarekin zerikusia dutenak % 25etik % 32ra igo dira”.

  • urtea:Ertzaintzak erregistratutako 241 gorroto-delituetatik 117 arrazakeriarekin eta xenofobiarekin lotuta zeuden (guztien % 48,5). 117 salaketa horietatik 29 komunitate arabiarrarekin edo musulmanarekin lotuta zeuden (arrazakeriarekin eta xenofobiarekin zerikusia zuten gorroto-delitu guztien % 24,7)
  • 2021eko urtarrila-urria:Ertzaintzak urteko lehenengo hamar hilabeteetan erregistratutako 219 delituetatik 122 arrazakeriarekin eta xenofobiarekin lotuta zeuden (guztien % 55,7). 122 salaketa horietatik 39 komunitate arabiarrarekin edo musulmanarekin lotutako delituei dagozkie (arrazakeriarekin eta xenofobiarekin zerikusia zuten gorroto-delitu guztien % 31,9)

UPV/EHUren Bizkaia Aretoan egin den jardunaldia Eusko Jaurlaritzak estereotipoak hausteko eta portaera arrazisten eta xenofoboen prebentziorako gauzatzen dituen jardueren barruan antolatu da, helburutzat hartuta gizartearekin elkarrizketa, elkarbizitza eta integrazioa sustatuko duten topaketak egitea bultzatzea eta, sortu ahal izan diren arazoak eta mesfidantzak gainditzen jarraitzeko, gutxiengo etnikoekin harreman-bide egonkorrak irekitzea.

Izu morala

Inaugurazioko hitzaldia Eva María Gómez Petisco psikologo eta gizarte-hezitzaileak eman du, eta “herrialde gehienek Islamarekiko izan duten taldeko arbuioaz eta beldurraz” hitz egin du (soziologian “izu morala” deitzen dena). Alde horretatik, azaldu du mendebaldeko gizarteek “Islamari beldurra izaten eta Islamaren aurrean erreakzionatzen” ikasi dutela, eta adierazi du “funtsezkoa” dela gure aurreiritzien eta portaera diskriminatzaileen gainean jarduten ikastea edozein eratako gorroto-gertakariei aurrea hartu ahal izateko eta ezberdinen arteko harremanak sustatzeko.

Eva María Gómez Petiscok adierazi du helburu hori lortzeko ezinbestekoa dela gizarteak informazioa izatea, era horretara hobeto prestatuta egongo baita eta kolektibo minoritario guztien eskubideak errespetatzen ikasiko baitu. Adibide moduan informaziorik ezaren ondorio den eta eten beharra dagoen ohiko oker bat jarri du, hau da, jende gehienak nahastu egiten duela pertsona bat musulmana edo arabiarra izatea: musulman gehienak ez dira arabiarrak. Eta gauza bera gertatzen da alderantziz: arabiarrak musulmanak, kristauak edo judutarrak izan daitezke, besteak beste, baina askotan gizartearen ustez gauza bera da.

Islamera aldatutako emakume gisa, Eva María Gómez Petiscok nabarmendu nahi izan du “oraindik ere desafio handiagoa” dela emakume izan eta Islama praktikatzea; izan ere, hijaba erabiltze hutsak bigarren diskriminazio bat gehitzen du, nahiz eta erabiltzea aukera librea izan. De facto, jendearen azterketaren mende egotea suposatzen du, baita eta beste presio bat jasatea ere gorroto-portaeren ondorioz: begirada desafiatzaileak, etsaitasunezko erreakzioak eta komentario iraingarriak, eta horri erantsi behar zaio lana lortzeko edo etxebizitza bat alokatzeko zailtasuna. Psikologo eta gizarte-hezitzaile honen ustez, “ez dago zalantzarik emakume musulmanarekin estereotipoak areagotu egiten direla”.

Work-kafea profesionalen artean

Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, lan-jardunaldia bost lan-mahaitan jarraitu da, eta oso profil ezberdinetako hogeita hamar bat pertsonek (Ertzaintzako agenteak eta Euskadiko Udaltzaingoetako agenteak, eta hezkuntzaren, judikaturaren, abokatutzaren, komunikabide publikoen eta Unibertsitateko ikerketaren arloko profesionalak) planteatutako gaiei buruzko esperientziak partekatu dituzte ikuspegi ezberdinetatik.

  1. Mahaietako batean, aurreko hizlariak, Eva María Gómez Petiscok, “Islama eta emakumea” gaiari buruzko eztabaida ireki du, bere esperientzia eta jasandako diskriminazioa azalduz.
  2. Bigarren mahaian “Islamarekiko aurreiritziak, integrazioa eta immigrazioa” gaiari buruzko eztabaida proposatu da. Kasu honetan, mahaiko dinamizatzailea Bilboko Udalean adingabeak integratzeko proiektuetan lan egiten duen Salah El Yakoubi izan da, eta eztabaida hasi du lana integrazioan laguntzeko bidea dela oinarritzat hartuta.
  3. Bidaiderik gabeko adingabeak” izan da 3. mahaiaren abiapuntua. Mahai honetako dinamizatzailea Ridouane Chakouch Laman izan da, Barakaldoko Agharas elkarte ez-erlijiosoaren burua, immigranteei eta, bereziki, bidaiderik gabeko adingabeei, oinarrizko laguntza ematen aritzen dena.
  4. Lanbideren ordezkari batek, Álvaro Ugartek, immigranteek egiten duten lanari eta laguntzen banaketari buruzko datu objektiboak eman ditu laugarren mahaian.
  5. Azkenik, Hithem Abdulhalleem Lubbadeh, erradikalizazioari buruzko tesi batekin psikologian doktorea dena, izan da terrorismoari buruzko mahaiaren dinamizatzailea. Bertan jakitera eman du instantzia jakin batzuetatik orokortu dela Islamak eta terrorismoak izaera bera dutela, eta horrek musulmanekiko beldurra hedatzea eragin duela.

Jardunaldiari amaiera emateko, Ertzaintzak ondorioak laburbildu eta azaldu ditu, eta Xabier Legarretak, Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendariak, itxi du jardunaldia.