Hogei urte bete dira Euskadiko erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko lankidetza Akordioa sinatu zutenetik

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur arratsaldean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera, “Etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeei laguntza hobea egiteko Erakundeen arteko Akordioa”-ren jarraipen batzordearen bileran, akordio honen 20. urteurrena betetzen denean. Akordioa 2001ean sinatu zen hasieran, eta 2009an eguneratu zen. Akordioaren helburua da tratu txarren eta sexu-erasoen biktimei arreta ematen dieten erakundeen arteko koordinazioa areagotzea eta hobetzea, atentzio integrala bermatzeko: osasun arlokoa, poliziala, judiziala eta soziala. Horretarako, eremu bakoitzeko profesionalek jarraitu beharreko jarraibideak eta jarduteko irizpideak ezartzen ditu eta erakundeen eta ematen dituzten zerbitzuen arteko harremanak sistematizatzen ditu.

Emakundek koordinatutako batzordea Eusko Jaurlaritzako sei sailek osatzen dute (Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak; Segurtasuna; Osasuna; Lana eta Enplegua; Hezkuntza; eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak), Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak, hiru aldundiek, EUDELek, Arartekoak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Euskal Osasun Kontseiluak; eta, gainera, hainbat lantalde teknikotan hedatzen da hauen jarduna.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie akordioa posible egin zuten eta urte hauetan jarraipen-batzordeko kide izan diren pertsona guztiei, eta nabarmendu du akordioa “aitzindaria eta eraginkorra” dela; izan ere, “sinatu zenetik aurrera egin dugu erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen diegun erantzunaren ikuspegi integral batean”. Lehendakariak adierazi duenez, “20 urte hauetan, emakumeen aurkako indarkeriaren aurreko erantzuna sistematizatzea lortu dugu”. Akordioaren sinadurak erakunde sinatzaileek konpromiso batzuk hartzeaz gain, berarekin ekarri baitzuen “osasunaren, gizarte-zerbitzuen, segurtasunaren eta justiziaren arloetan jarduteko jarraibide bateratu batzuk adostea ere”.

Lehendakariak gaineratu duenez, akordioak lagundu egin du biktimei ematen zaien arreta eta babesa garrantzi handiko leku batean jartzen, eta, besteak beste, aurrerapausoa suposatu du indarkeriaren biktimak artatzen dituzten profesionalen prestakuntzan, bai eta ikerketan ere; gainera, hobetu egin da datuen bilketa eta hedapena, eta, horri esker, hobeto jarraitu eta ebaluatu ahal izan dira biktimei arreta emateko baliabideen eraginkortasuna eta irismena.

Horren guztiaren ondorioz lortu da Lehendakariarentzat garrantzitsuena dena: “emakume biktimei laguntza, babesa eta sostengua emateko sistema eta zerbitzu instituzional guztietarako sarbidea erraztea eta hobetzea”. Hala eta guztiz ere, oraindik bidea egiteko dagoela onartu du, eta bi erronka garrantzitsu aipatu ditu: erakundeen arteko III. Akordioa onartzea, erronka berriei erantzuteko, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzea, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko herri-itun handi batean bihurtu dadin.

Txostena: 20 URTE. ETXEKO TRATU TXARRAK ETA SEXU INDARKERIA JASATEN DITUZTEN EMAKUMEEI LAGUNTZA HOBEA EMATEKO I. ERAKUNDEEN ARTEKO I. AKORDIOA.