Lehendakariak aitortu du Erizaintzak “gero eta zaintza gehiago behar dituen gizarte honetan” duen konpromisoa eta balioa, eta, aldi berean, “osasun pertsonala eta osasun publikoa zaintzeko” arauak betetzen jarraitzeko deia egin du. Iñigo Urkullu Burdin Arimak eskulturaren inaugurazioan izan da gaur goizean, Bizkaiko erizain eta emaginei eskerrak emateko. Jesus Lizaso artistak egindako monumentua Bilboko Botika Zaharreko parterrean jarri da eta Bizkaiko Erizainen Elkargoak bultzatu du hori.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Erizaintzako Kontseilu Nagusiko presidentea, Bilboko Mediku Zientzien Akademiako presidentea, Osakidetzako Erizaintzako zuzendariordea, elkargo profesional sanitarioetako zenbait presidente, Bizkaiko ospitaleetako gerenteak eta euskal osasungintzan dauden sindikatu nagusien ordezkariak.
Lehendakariak, bere hitzaldian, erizainek eta emaginek gero eta zaintza behar handiagoa duten gizarte batean egokitzeko, hurbiltzeko eta konpromisoa hartzeko duten gaitasuna nabarmendu du, zahartzearen erronkarekin, gaixotasun kronikoen gorakadarekin eta bakarrik bizi diren adineko pertsona gehiagorekin. “Gaitasunez, hurbiltasunez, ezagutzaz eta gizatasunez erantzungo duten profesionalak behar ditugu. Gizarteak behar zaituzte” – esan du.
Pandemiari dagokionez, Iñigo Urkulluk gogorarazi du osasun zaintzan jarraitzen dugula, eta gizarteari eskatu dio arauak betetzen jarraitzeko eta zaintza ez jaisteko. “ Ezin dugu atzera egin… Ekitaldi hau une egokia da autobabesak beharrezkoa izaten jarraitzen duela gogorarazteko. Txertaketa prebentzioa dela eta elkartasuna dela gogorarazteko, arauak betetzea lehen mailako arretaren eta ospitaleen lan-karga arintzea dela” – amaitu du.