Urkulluk Maier kooperatibaren Ingeniaritza Aurreratuko Laborategi berria inauguratu du

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera, Maier kooperatibaren Ingeniaritza Aurreratuko Laborategi berria inauguratu du, gaur goizean. Bertan azpimarratu duenez, ikerketa-zentro berri hau beste urrats bat da MAIERek ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alde egin duen apustuan.

Pandemia garai hauetan, Lehendakariak eskertu egin du “etorkizuneko inbertsio” honek dakarren konpromisoa; batez ere, Iñigo Urkulluren iritziz, indarrak batu behar ditugun une hauetan, euskal ekonomia eta industria eraldatzeko erronkei arrakastaz heltzeko. Ildo horretan, Lehendakariak adierazi du MAIER erreferentziazko eredua dela euskal industriarentzat, eta “jarraitu beharreko bidea adierazten duen euskal multinazionaletako bat” dela.

Euskadik 50 enpresa multinazional izan nahi ditu, berrikuntzarako, nazioartekotzeko eta kalitatezko enplegua lortzeko masa kritiko nahikoarekin.

Maier taldea

Gaur egun, Maier Taldeak lantegi produktiboak ditu Europan, Indian, Txinan eta Mexikon; 3.000 langile baino gehiago ditu mundu osoan, eta fakturazioaren % 70 nazioarteko salmenta-merkatuan.

Bere hitzaldian, Lehendakariak balioan jarri du automobilgintzako osagaiei eskainitako kooperatiba honek lehiakortasunaren erronkei dagokienez erakutsi duen egokitzeko gaitasuna. “Hemen talde kooperatibo bat, giza talde bat, lehiakortasun globalaren gakoekin inplikatua. Aldaketarako eta eraldaketarako jarrera irekia duena”, adierazi du.

Ingeniaritza Aurreratuko laborategi hau, bertaratuek bisitatzeko aukera izan dutena, MAIER Taldea eraldatzeko asmo handiko proiektu baten lehen fasea da. “Berrikuntzan, garapen teknologikoan eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiten duzue”, adierazi du Lehendakariak.