Musikenek 20. urteurrena ospatuko du hainbat kontzerturekin eta euskal musika ondarea nazioartean zabaltzea ardatz izango duten jarduerekin

0

Musikene – Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak, 2021-22 ikasturte honetan hogeigarren urteurrena ospatuko du. 2001eko azaroaren 6an hasi ziren eskolak Miramar Jauregian, eta urte hauetan zehar nazioartean erreferentziazko leku gisa sendotu da. Gaur egun, Gipuzkoako unibertsitate campusaren ondoan duen eraikinean, zeregin akademiko emankorra eta auditoriumean programazio garrantzitsua biltzen ditu, euskal gizarte osoari irekitako ehun ekitaldi baino gehiagorekin.

Bere urtebetetzea dela eta, Musikenek, egun 400 ikasletik gora eta 168 irakasle dituenak, Gradu, Master eta Graduondoko ikasketa ofizialekin, ikasturte honetan euskal musika ondarearen berreskuratzean eta zabaltzean duen presentzia indartuko du, ikerketari ere arreta berezia eskainiz. “Gure hezkuntza eskaintzaren kalitateak hogei urte hauetan nazioarteko ikasle eta  irakasleak erakarri ditu eta gaur egun musikaren hainbat arlotan postu nabarmenak betetzen dituzten profesionalak trebatu ditu”, dio Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak.

Urteurrena ospatzeko, Musikenek kontzertu bereziak egingo ditu 2021-22 ikasturtean zehar. Orkestra ikasketen programazioaren barruan, aipatzekoak dira Musikene Orkestra Sinfonikoak azaroan, otsailean eta maiatzean egingo dituen hiru topaketak. Datorren asteburu honetan, igandea 21 eta astelehena 22, Santa Zezilia eguna, Musikene Orkestra Sinfonikoak bi kontzertu emango ditu Donostiako Orfeoiarekin eta José Antonio Sainz Alfaro bere zuzendariarekin, Dvoraken Stabat Mater interpretatuz. Kontzertuak Bilboko Arriaga antzokian eta Donostiako Victoria Eugenian egingo dira, hurrenez hurren. 20. urteurrenaren ekitaldi nagusia otsaileko topaketan egingo da eta oso berezia izango da, Korean bizi den Unai Urrecho euskal maisuaren zuzendaritzapean diseinatu baita egitaraua, beren urteurrena ospatzen duten euskal konpositoreen musika biltzen duena (Guridi, Sorozabal, Escudero eta Madina). Azkenik, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren titular den Erik Nielsen izango da zuzendari maiatzaren 14ko emanaldian. Iñargaren hitzetan “kontzertu honek eta azarokoek indartu egiten dute ikastegiak gure herrialdeko kultura erakundeekin elkarlanean aritzeko duen apustu sendoa, eta horregatik ditugu lankidetza hitzarmen ugari, gero eta gehiago”. Amaitzeko, Orkestra Sinfonikoaren kontzertu hauei Bandak eta Sinfoniettak egingo dituztenak gehitzen zaizkie. Sinfoniettak abenduan Bilboko Guggenheim Museoan egingo du emanaldia, TopARTE ekimenaren barruan.

Musikeneko talde handien kontzertuek ospakizun garrantzitsua izango dute baita ere Jazzean. Miren Iñargaren hitzetan “Perico Sambeat handia eta Leioako San Juan Bautista abesbatza izango ditugu, azken hori Basilio Astúlez gure irakasleak zuzendua, zuzenean jatorrizko bertsioan (korua eta big band) oso gutxitan entzuten den obra zoragarri bat interpretatuz, Duke Ellingtonen Concierto Sacro, hain zuzen ere”. Bi kontzertu egingo dira: lehenengoa Tolosako Leidor aretoan maiatzaren 13an, ostirala, eta bigarrena Gasteizko Jesús Guridi kontserbatorioan maiatzaren 15ean, igandea.  Ikasturte honetan zehar Big Bandak nazioarteko artistek zuzendutako beste hiru kontzertu ere emango ditu, hala nola Ilja Reingoud eta Bernard van Rossum. Azaroaren 26an, ostirala, eta otsailaren 18an egingo direnak Musikenen izango dira eta otsailaren 19koa berriz, larunbata, Baionako Theatre Michel Portal aretoan, Iparraldeko Haizebegi jaialdiarekin elkarlanean. Ekitaldi hauei irakasleen ziklo bat gehituko zaie urtarrileko ostiral eta larunbatetan, bai eta ohikoak diren bakarlarien edo ganbera taldeen emanaldiak, ikastegiko ikaslez osatuak, guztira urtean ehundik gora emanaldi.

Miren Iñargak nabarmendu duenez Musikenek 20. urteurrenaren inguruan sendotuko duen beste ildo bat euskal musika ondarearen zabalkundea da, “gure musika eta musikariak gizarteari ezagutzera emateko apustuari eutsiz, Carmelo Bernaolaren musikari osotasunean eskainitako diskoa argitaratu dugu”. CDak Musikeneko irakasle eta maisu arabarraren ikasle izan den Zuriñe F. Gerenabarrenak bere omenez konposatutako obra bat jasotzen du. Gainera, joan den urrian Gure sortzaileak gogoan – Gure konpositoreen legatua izeneko zikloari ekin zitzaion. Lehenengo jardunaldi hura, mahai inguru bat eta kontzertu bat izan zituena, Guridiri eskaini zitzaion, eta 2022an beste hiru topaketa izango dira: Sorozabal (martxoan), Madina (ekainean) eta Escudero (urrian). Ekimen hauei bizirik dauden sortzaileen inguruko argitalpen berriak gehitu behar zaizkie. Eresbilekin lankidetzan hiru hizkuntzatan konpositoreei buruz egiten diren kaierak Ramon Lazkano eta Teresa Catalánekin hasi ziren joan den ikasturtean. Ikasturte honetan berriz Félix Ibarrondo eta Gabriel Erkorekarenak gehituko zaizkie. Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak adierazi du gainera ikastegiak nazioartean duen presentzia indartu nahi dela. “Nazioarteko mugikortasunean ditugun egitasmoez gain, ikasturte honetan lankidetza dugu Parisko Ensemble Intercontemporain talde entzutetsuarekin, eta ekainean PRIhME proiektuaren kongresua hartuko dugu Europako beste bederatzi ikastegiren parte-hartzearekin”.

Nazioarteko erreferentzia

Bestalde, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Musikenek 20 urte hauetan egindako lan garrantzitsua nabarmendu du. “Eusko Jaurlaritzak duela bi hamarkada apustu sendoa egin zuen hezkuntza-proiektu honen alde, eta emaitzak begi-bistakoak dira. Denbora honetan guztian, Musikenek 1.263 profesional trebatu ditu, eta, kasu askotan, euren arlo profesionala Euskadin garatzearen aldeko apustua egin dute, gure musika-hezitzaileen sarean eta gure orkestretan”, azaldu du.

Moraisek nabarmendu duenez, sorreratik bertatik “Musikene erreferentzia bihurtu da goi-mailako musika-prestakuntzan, musika-ikerketan, ezagutzaren gizarterako transferentzian, ezagutzaren zabalkundean eta Made in Euskadi – Basque Country musikaren tokiko eta nazioarteko proiekzioan. Hori guztia eskertu behar zaie proiektua gidatu duten pertsonei, bai eta bide luze horretan lagundu duten gainerako pertsonei ere”.

Baina zentroa nazioarteko erreferentzia ere bada sailburuordearen hitzetan, bere bikaintasun-maila handiagatik. “Horren erakusgarri da, Euskadiko kultura eta gizarte-eragileekin bezalaxe goi-mailako musikaren esparruan erreferentzia diren nazioarteko zentroen sare zabalarekin ere badaukan lankidetza bizia. Eragile horiekin duen harreman estuak, besteak beste, Musikeneko ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta ikastetxea bera aberasteko eta kokatzeko balio du, bai eta euskal musika-kulturari buruzko ezagutza zabaltzeko ere, bai Euskadin eta bai munduan”.

Azkenik, Adolfo Moraisek irakaskuntza hauen eta ikastegiaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du. Izan ere, Hezkuntza Sailak urtero 10 milioi euro inguru inbertitzen baititu proiektu honetan.