URAk Barrundia ibaiaren ezkerreko ertzean higatutako erribera-tarte bat leheneratu du Aspuru parean, Donemiliagan

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Barrundia ibaiaren ezkerreko ertzean, Aspuru parean, higatutako erribera-tarte bat leheneratu du, Arabako Donemiliagako udalerrian (UTM ETRS89 X = 544656, Y = 4750804 koordenatuak). Horretarako 17.484,76 € (gehi BEZa) inbertitu berri ditu.

Erribera-tarte horrek higadura handia jasan zuen: ur-emarien berezko jarioak  erraz higatzen baitzuen ibaiertzeko landaredi autoktonorik gabeko tarte hori. Beraz, ibaiertza ezegonkortu egin zen, eta lur-jausi nabarmena eragin zuen, baita lur emankor asko arrastatu ere.

Higadura horri aurre egiteko, gabioi-ilara bat (alegia, metalezko hesi moduko bat, askotariko harriekin) jarri da oinarrian, baita egurrezko oholesi bat ere (hau da, bertikalean sartuta eta elkarri lotuta dauden enbor-ilara bat), ibaiertzean dauden antzinako landarediko motzondoak aprobetxatuz.

Jarduketari esker, jatorrizko meandroaren trazadurari eutsi ahal izan zaio, eta sortutako zuloa (gabioiekin eta oholesiarekin) lurrez bete da: ondoren, landareztatu eta behar bezala kohesionatzeko, erriberako landarediaren sustraiek ematen duten sendotzearen bidez.

Ibaiko berezko landaredia da, eta, gainera, hainbat onura dakarzkio ibaiari: ibilgua itzaltzea; espezieentzako korridore natural gisa duen portaera bultzatzea, eta habitatak zaintzea; edo ur-goraldien emarien indarra leuntzea, besteak beste. Landareztatzea neguan osatuko da, geldialdi begetatiboaren garaian.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du.