Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos alderdiaren proposamenak jaso ditu 72 M euroko proposamenenekin eta Osasun , Hezkuntza, Ingurumen, Etxebizitza eta enpleguarloko konpromisoekin

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk koalizioak planteatutako proposamenak modu zehatzean jasotzen dituen alternatiba bat proposatu dio Elkarrekin Podemosi, 72 M euroko eskaintzarekin, Eusko Jaurlaritzaren kontuei babesa eman ahal izateko. Neurri horiek Elkarrekin Podemosek bere planteamenduan sartutako politikak barne hartzen dituzte, hala nola Osakidetza indartzea; aho-hortzen osasuna; osasun mentala; emisioak kontrolatzera edo ekonomia zirkularrera bideratutako ekintzetarako enpresentzako dirulaguntzak; inbertsioak ikastetxeetan; 0-3 urteko matrikuletan hobariak; Lanbiden mentoring programak bultzatzea; langabeentzako nitxo ekonomiko berrietan prestakuntza; Lan Ikuskaritzako plaza berriak; gizarteratzea; energia-gastuetarako gizarte-laguntzak; gazteen emantzipazioa; zaintza-eredu berrietarako trantsizio-politika; berdintasuna; migratzaileak eta errefuxiatuak; alokairu soziala; eta euskara ikastea bultzatzea.

Gainera, bileran, Jasangarritasun Energetikoaren Funtsaren 90 M euroak 2021ean EAEko udalentzat aktibatzeko konpromisoa planteatu da.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak honako hau eskaini du:

1) OSASUNA:

  • Osakidetzarako 30 M euro gehiago, 2022tik aurrera Lehen Mailako Arretako Estrategia ezartzen jarraitzeko eta antolamendu-aldaketak egiteko, eta era horretan aurrez aurreko kontsultak bermatzeko eta osasun-zentroetan itxaron-zerrendak murrizteko.
  • Osasun Ministerioarekin lankidetzan aritzea aho-hortzen osasun-zerbitzuak handitzeko eta diruz hornitzeko, lehentasunezko kolektiboentzat onartzen denean: 0-6 urte bitarteko adingabeak, haurdun dauden emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak eta prozesu onkologikoetan dauden pertsonak.
  • 2022an, osasun mentalaren esparruko aurrekontu-gehikuntzekin jarraitzea eta baliabide berriak irekitzea, hala nola Galdakao-Usansoloko Ospitaleko nerabeentzako Eguneko Ospitale Psikiatrikoa, zeinak talde-formatuko asistentzia emango baitie adikzioak eta elikadura-nahasmenduak dituzten 14 eta 17 urte bitarteko pazienteei. 2022an, osasun mentalera bideratutako aurrekontua 153 M eurokoa izango da.

 

2) INGURUMENA:

2 M euroko gehikuntza (1 M euro 2022an eta 1 M euro 2023an), partikula barreiatuen emisioak kontrolatzeko sistemetan inbertsioak egiteko enpresei dirulaguntzak emateko, airearen kalitatearen teknologia digitaletan eta sentsorikoetan eta hondakinak balorizatzeko instalazio berrietan oinarrituta.

6 M euro (urtean 2 M euro 2022-2024) gaitzea eko-berrikuntzako proiektuen bidez soluzio eta garapen teknologikoak sustatzeko, baita azpiegituretan egin beharreko inbertsioak ere, era horretan, isurketa minimizatzeko eta lur arraroen eta gai kritikoen zirkularitatea sustatzeko, ekoizpen-katean hondakinen (Litioa eta Neodimioa) balorizazio-prozesuetatik lortutako material kritikoak eransteko aukera emanez.

Bileran, EH Bilduren eskaintza berdintzeko planteamendua azaldu da, EAEko udalentzako Jasangarritasun Energetikoaren Funtsaren 90 M euroak aktibatzeari dagokionez.

3) HEZKUNTZA:

– Ikastetxe publikoetako patioak estaltzeko Hezkuntza Sailaren inbertsio-plana 8 M eurotan handitzea (4 M euro 2022an eta 4 M euro 2023an).

– Matrikulen kuotak % 15 murriztea 0-3 urte bitarteko hezkuntzan (1 M euro)

4) ENPLEGUA:

– Lanbidek langabeen enplegu-nitxo berrietan trebatzeko eta gaitasunak eskuratzeko ematen dituen laguntzen deialdia 2 M euro handitzea.

2 M euroko dirulaguntzen beste lerro bat, Lehen Aukera programetan “mentoringera” eta administrazioetan gazteen enplegua sustatzera bideratua, txanda-kontratua sustatzearekin lotuta, erretiroengatik ezagutzak gal ez daitezen.

– 4 plaza gehiago Laneko Ikuskatzailetzan (350.000 euro)

5) GIZARTE-POLITIKAK ETA GAZTERIA:

11,4 M euro (5,7 M euro 2022an eta 5,7 M  euro 2023an) bideratzea bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboen eta pertsonen gizarteratzea lortzeko proiektuak bultzatzeko.

– Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 2 M euro handitzea, energia, gas edo etxean erabiltzeko bestelako erregaien gastuetarako urteko gehieneko zenbatekoa areagotuz.

800.000 euro, EAEko udalek gazteen emantzipazioari buruzko diagnostikoak eta planak egiteko.

500.000 euro gehitzea Zahartzeari eta Longebitateari buruzko Mugaz Gaindiko Europako Poloa Proiektura bideratutako aurrekontua, hauskortasun- eta mendetasun-egoeran dauden adinekoak zaintzeko eredu berrietarako trantsizio-politika dinamizatzeko.

6) BERDINTASUNA ETA GIZA ESKUBIDEAK:

50.000 euro, aurrekontuetan genero-eraginaren ebaluazioen oinarriak ezartzen dituen gida bat egiteko.

400.000 euro Oñatiko Larraña Etxea migratzaile eta errefuxiatuentzako harrera-zentroaren instalazioak hobetzeko.

7) ETXEBIZITZA:

– Alokairu sozialeko parkerako etxebizitza publikoaren erosketa 5 M eurotan handitzea.

Etxebizitzaren Legearen erregelamendu bidezko garapena amaitzea, Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboari buruzko Dekretua onartzeari arreta berezia jarriz, hura abian jartzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketekin.

– Zerga Koordinaziorako Organoaren esparruan, alokairu-prezioei eusteko (pizgarrien eta zerga-zigorren bidez) balizko zerga-neurriei buruzko txosten bat egiteko proposatzea. Txosten horretan, gainera, egungo zerga-pizgarrien azterketa eta ebaluazioa jasoko dira.

-Alokairu pribatuaren prezioak arautzeko Estatuko etorkizuneko araudiak ahalbidetzen duenean, eta Eusko Legebiltzarrak horri buruz hartutako erabakiekin bat etorriz, alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzea.

8) EUSKARA:

500.000 euro B2 mailara arteko doakotasuna ezartzeko oro har, eta C1 mailara artekoa 16 eta 30 urte bitarteko herritarrentzat, euskara ikastea herritarrentzat zama ekonomikoa izan ez dadin.