Osakidetzak finkatu egin du Onkologikoarekin duen lotura, Gipuzkoan minbiziari arreta emateko zerbitzua eraikin hartan zentratu baitu

0
Fotografía: EITB.

Aurtengo azarotik aurrera, Gipuzkoan minbiziari arreta ematea behar duten pertsonek Onkologikoa izango dute erreferentzia-zentro. Osakidetzak onkologiako eta onkohematologiako kanpo-kontsulta guztiei eta eguneko ospitalekoei emango die arreta eraikin horretan, eta, hala, Onkologikoak Osakidetzarekin duen lotura finkatuko da.

“Zentro hau Euskadin minbiziari ematen zaion arretaren etengabeko hobekuntza argiztatzen lagunduko duen ‘foku’ izango da”, esan du  Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, Kutxa Fundazioaren presidente Carlos Tamayo eta Ander Urruticoechea Onkologikoko zuzendariarekin batera.

Sailburuak azken inbertsioen xehetasunak eman ditu (7,4 milioi); haien bidez, Osakidetzak Onkologikoan Gipuzkoako Onkologia Medikoko eta Onkohematologiako paziente anbulatorioen % 100i emango die arreta (12.000 pertsona eta 20.000 tratamendu, urtean), Gipuzkoako minbiziaren kanpo-kontsulta hauek Onkologikoaren eraikinean artatuko dira eta azken belaunaldiko azeleragailu lineal berriak urtean 400 tumore doitasun handiagoz tratatzeko aukera emango du. Inbertsio horietako batzuk Kutxa Fundazioaren eta Onkologikoaren arteko lankidetzari esker egin dira, bi erakundeen arteko harreman estuaren jarraipen gisa.

“Minbiziari aurre egitea Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da, Euskadiko Plan Onkologikoan jasotzen dena”, esan du Gotzone Sagardui Sailburuak. Gainera esan du hari aurre egiteko ekipo profesionalak eta teknologia aurreratu eta modernoak behar ditugula.

Kanpo-kontsultak eta eguneko ospitalea

Instalazio hauen eguneraketa Osakidetza eta Onkologikoa Fundazioaren arteko inbertsio partekatua izan da, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin; Gipuzkoako Onkologia Medikoan eta Onkohematologian paziente anbulatorioen % 100 artatuko dira. Eguneko ospitalea azaroaren 15ean ireki da eta kanpoko kontsultak azaroaren 22an irekiko dira.

20 kanpo-kontsulta berriztu eta egokitu dira behar berrietara –haietan, urtean, 12.000 paziente baino gehiagori emango zaie arreta–, bai eta eguneko ospitalea ere, non Osakidetzako profesionalek urtean 20.000 tratamendu emango baitizkiete 3.000 paziente baino gehiagori.

Espazio berri horiek pazienteen esperientzian oinarrituta diseinatu dira. Zabalak eta erosoak dira, eta aukera ematen dute gaixotasun bakoitzean erreferenteak diren profesionalek kalitateko asistentzia emateko, bai eta pazienteek intimitatea izateko ere.

Azken belaunaldiko azeleragailu lineala

Osakidetzaren azeleragailu lineal berria, azeleragailu konbentzionalen aldean, erradioterapiako plataforma moldakorra da; tumore eta ehunak mugimenduan trata ditzake, aurretik ezagutu ez den doitasun- eta abiadura-mailekin.

Hori horrela, Osasuneko Sailburuak honako hau esan du: “gaixotasun onkologikoen tratamenduaren zerbitzura dagoen azeleragailu horrek urtean 400 paziente tratatu ahalko ditu. Gaur egun dagoen azeleragailu lineal zehatzena, fidagarriena eta osatuena da, eta kontzeptu berri bat dakar: inbasio txikiko erradioterapia”.

Ekipo horren bidez, bigarren mailako ondorioak murriztu ahalko dira pazienteetan, eta honako tratamendu-teknika hauek beste gailu batzuekin baino zehatzago eta seguruago egingo dira: Intentsitate modulatuko erradioterapia (IMRT) edo arkoterapia bolumetriko modulatua (V-MAT), garuneko erradiokirurgia, garezur kanpoko erradioterapia estereotaxiko zatikatua (SBRT), sistema robotizatuen bidezko irudiz gidatutako erradioterapia (IGRT) eta erradioterapia moldagarria.

Aurrerapen teknologiko horrek gaitz lokalizatua eta/edo oligometastasikoa duten paziente onkologikoentzako aukera terapeutiko berri asko ekarriko ditu, morbilitate txikieneko kontrol lokalaren indizerik altuenak lortuz. Azeleragailua eskuratu da Osakidetzako ekipoak berritzeko eta eguneratzeko etengabeko prozesuaren barruan, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko. Osakidetzaren azeleragailu berri horren bidez, gainera, Gipuzkoako pazienteen tratamendu onkologikoetan baliabideak hobeto eta eraginkorrago erabili ahalko dira eta, horretarako, Donostiako Unibertsitate Ospitalean dagoen ekipamendu teknologikoarekiko jarduketa koordinaturako bide eman.

Beste inbertsio batzuk: farmazia eta informazio-sistemak

Azken hilotan, inbertsio gehiago egin dira, esaterako: farmazia handitu eta modernizatu da. Zitostatikoak prestatzeko bigarren robota erosi da, alegia, minbiziaren tratamendurako medikaziorako.

Bestalde, lan handia egin da informazio-sistemetan, Onkologikokoak Osakidetzan zabaldutakoetara egokitzeko. Inbertsio hori Osakidetzak eta Onkologikoa fundazioak eraman dute batera aurrera.