URA Hernaniko Portu errekan Trankazeko presa txikia zati batean eraisteko lanetan ari da

0

Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa, Trankazeko presa txikia zati batean eraisten ari da, Hernaniko Portu errekastoan, errekak Urumean duen bokaletik kilometro bat gora, A-15 autobiaren eta Madrid-Hendaia trenbidearen artean. Presa txiki hori ur-maila hazarazteko erabiltzen zen, eta ura hartzeko instalazio baten parte zen. Emakida iraungita zegoen. Inbertsioa 30.000 € koa (gehi BEZa) izan da, eta hiru aste ditu gauzatzeko.

Lanek hein handi batean berreskuratu nahi dute ibaiak tarte horretan zuen egoera: hartara,  7 metroko luzera eta 2 metroko altuera duen presa eraistea de xedea,  espezieen joan-etorri naturala lehengoratzen laguntzeko. Zehazki, presa txikiaren 5,6 metro eraitsiko dira, ezkerreko ertzari atxikitako 1,4 metroak mantenduz: ibaiertz hori ezegonkortzea saihesteko, bertatik saneamendu-kolektore bat igarotzen baita.

Era berean, eskuinaldea leheneratuko da, eskuineko ertzeko hormigoizko horma 30 metrotan zehar kenduz eta erribera hori etzanez, ibairako hedapen-eremu bat sortuz. Gainera, bere garaian ura hartzeko erabili zen metalezko egitura bat kendu da; baita ura hartzeko tresneria gordetzen zuen etxola bat ere.

Lanek espezie autoktonoak landatzen jarraituko dute, ibaiertzak egonkortu eta bertakotzeko, eta emarien etengabeko jarioak sortzen duen higadura naturalari aurre egiten laguntzeko.

Ibilguaren luzetarako jar hori berreskuratzean, ibaian bizi diren espezieek ugalketa- eta elikadura-habitatak aprobetxatzea, populazioen arteko truke genetikoa erraztea eta haien kalteberatasuna murriztea edo sedimentuen garraio naturalaren dinamika berreskuratzea errazten da.

Lan horiek Hernaniko Udalaren laguntza izan dute, hura arduratu baita bertan isuritako hondakinak kudeatzeaz.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzaketa du.