Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo da hirugarren Euskaraldia

0

Iruñeko Zentral aretoan aurkeztu da urtebete barru, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra, egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Hurrengo Euskaraldiak izango dituen ezaugarri nagusiak ezagutu ahal izan dituzte ekitaldira gerturatutako erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrek.

Euskaraldiaren lehen bi edizioetan jasotako ondorioak oinarri modura hartuta, antolatzaileek azken hilabeteotan hurrengo Euskaraldiaren ezaugarriak eta helburuak zehaztu dituzte. Gaurko ekitaldian azaldu duten modura, hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. Orain arte, Euskaraldiak euskararen erabilera handitzeko traba diren arau sozialetan eragin nahi izan du, ohitura eta portaera berriak proposatuz. Hurrengo urtean hizkuntza ohitura horiek aldatzeko herritarrek tresna eraginkorragoak izatea da lehentasuna.

Aurreko edizioetan egin den modura, ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatuko dute Euskaraldian parte hartuko duten herritarrek, ariketa sozialeko 15 egunetan izango dituzten hizkuntza portaeraren baitan. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa. Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zen nahi beste entitateetara heldu 2020 urtean, eta hurrengo urtea izango da bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.

Euskaraldia: hitzez ekiteko garaia

Ekimenak datorren urtean izango duen leloa aurkeztu da gaur Iruñean egindako ekitaldian. “Hitzez ekiteko garaia” lelopean egingo da ariketa sozialaren hirugarren edizioa, pandemiak aurreko edizioan izandako eragina gaindituta, Euskaraldiak jauzi garrantzitsu bat ematea nahi dutelako sustatzaileek. Harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da leloaren bidez. Hitzaren bidez eragiteko deia egin nahi zaie herritar eta entitateei, hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia.

Euskaraldiaren bigarren edizioaren ondoren egindako ikerketen ondorioetatik landu da datorren urteko ariketa soziala. Ikerketetan ikusi da partaideek ariketan izandako bizipenak eta hizkuntza ohitura aldaketetan izandako lorpenak ekimenarekiko iritzian duen pisua handia dela. Ariketan belarriprest zein ahobiziek beraien inguruan eragiteko eta aldaketak sortzeko duten gaitasuna azaleratu da eta eragin hori areagotzeko tresnak martxan jartzea izango da hurrengo hilabeteetarako erronka nagusia. Belarriprest zein ahobiziek, prestatuta eta aktibatuta egonez gero, aldaketa handiak eragin ditzakete beraien ingurune hurbilean eta hori izango da hurrengo Euskaraldiaren helburu nagusia.

2022: hitza eta ekintza eskutik joango diren urtea

Pandemiaren eragina nabarmena izan zen 2020ko azaroan eta abenduan egindako Euskaraldiaren bigarren edizioan. Gerora ere, euskararen gizarteratzean eta kale presentzian eragin hori luzatu egin da. Hitzaren bidez kalea berriro hartzeko deia egin nahi izan dute Euskaraldiaren antolatzaileek. Hurrengo Euskaraldia mugarria izatea da helburua: batetik, euskararen aldeko giro sozialak kale presentzia areagotu dezan eta, bestetik, euskarazko elkarrizketek berriro ere Euskal Herri osoko herrietako plazak eta kaleak bete ditzaten.

Euskararen inguruko ekimenek protagonismoa izango dute 2022 urtean, asteon aurkeztu berri den 22. Korrika kasu. Urte garrantzitsua izango da herriz herri antolatutako euskaltzale sareak antolatzen eta indartzen jarraitzeko. Euskaltzaleon urtea izan behar da 2022 urtea, hitzez eta ekimenen bidez euskararen aldeko giro sozial indartsu bat berraktibatzeko eta ariketa sozial eraldatzaile indartsu bat egiteko urtea.

Herri batzordeak martxan

Hirugarren edizioan ere herriz herri antolatutako batzordeen sarea izango da Euskaraldiaren bihotza. Gizarte mugimenduen eragina murriztu den pandemia garaiotan ere, ikusi da boluntarioen ekarpena eta euskaltzaleen ilusioa euskararen normalizazioaren motore garrantzitsuak direla. Horregatik, antolatzaileentzat ezinbestekoa izango da, aurreko ekinaldietan osatu den modura, herri batzorde sare aktibo eta trinkoa antolatzea.

Hainbat herritan hasita daude antolaketa lanetan; eta, gaurtik aurrera, lehen urratsa tokian tokiko batzordeak aktibatu eta berrantolatzea izango da, herritarrek ariketa soziala gertutik bizitzeko funtsezkoa baita batzordeon lana.  Beste behin ere, koordinazio mahaitik bultzatuko da Euskaraldia antolatzeko erakunde eta gizarte eragileen arteko elkarlana herriz herriko batzordeetarako eredu izatea.

Hurrengo hilabeteetarako bigarren lan ardatza ere aurreratu dute antolatzaileek. Bigarren Euskaraldian era guztietako entitateek sortutako ariguneek jarraipena izango dute datorren urtean egingo den ariketa sozialean. Horretarako, era guztietako entitateei gonbitea egingo zaie lehenbailehen has daitezen euskaraz lasai aritzeko guneak identifikatzen edo berriak sortzen. Hizkuntza ohituretan eragin eta euskarazko hizkuntza portaerak finkatzeko, gune hauen areagotzeak garrantzi handia dutela adierazi dute Euskaraldiaren sustatzaileek aurkezpenean.

Erakundeetako ordezkariak Iruñean egindako aurkezpenean

Hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Euskaraldiaren koordinatzaile Arrate Illarorekin batera, ekimenaren koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza Zentral aretoan. Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Kike Amonarriz,  Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Antton Curutcharry izan dira Euskaraldiaren helburu eta xehetasunak azaldu dituzten ordezkariak. Horiez gain, Burlatako herri batzordeko kide Igone Ezkurra eta Conservas Iturri enpresako ordezkari Josu Iturri izan dira ekitaldian hitza hartu duten beste kideak.

Ondoko lerroetan ordezkari hauen hitzartzeen hainbat pasarte:

Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea: “Kalea berreskuratzea beharrezkoa da euskararentzat eta euskaldunontzat. Azken urte eta erdi honetan gizarteak jasan duen kolpeari buelta eman behar diogu eta datorren urtean horretarako tresnak izango ditugu. Inoiz baino beharrezkoago da hitzez, ekinez, kalea irabaztea”.

Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria: “Hizkuntza-ohiturak aldatzeak lan sakona eskatzen du oraindik ere, badago bidea oraindik, baina hasi gara lorpen esanguratsuak erdiesten. Euskaraldiko partaide askok beren inguruko harremanetan eta euskararen erabileran aurrerapauso garrantzitsuak izan dituzte”.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua: “Ariguneak euskaraz modu naturalean aritzeko guneak dira, euskararentzako gune erosoak, babestuak, taldearen adostasunez egiten delako ariketa egitearen aldeko hautua eta Euskaraldiaren ondorengo egunetan euskara gehiago erabiltzeko aukera handiagoak izateko aukera ematen dutelako.  Eta horrek laguntzen digu eremu edo espazio horietan ematen diren harremanak euskaraz izatera. Txapekin gure interlokutore euskaldunak identifikatzen ditugu. Ariguneek pertsona horiekin eta ohiko taldeetan euskarazko praktikak errazten dituzte. Euskaraldiak inertziak apurtu eta dinamika berriak sortzen laguntzen du eta ariguneak horretarako babesleku dira. Hori dela eta, 2022an egingo dugun hirugarren ediziora begira entitateei dei egin nahi diet Euskaraldiarekin bat egiteko”.

Antton Curutcharry, Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordea: “Iparraldean 500 bat eragilek Ariguneak antolatu zituzten iragan Euskaraldian, eta hauei esker kasik 1 000 Arigune izan dira,  Euskaraz aritzeko 1 000 argi berde. Mapa polita osatua izan da, hainbat erabilera aukera argitan emanez. Garai zaila zen jendeen arteko harremanendako, bainan Euskaraldiari esker frogatu dugu euskarak lotzen gaituela. Ariguneek gure hurbileko lagun saretik urrunago euskaraz mintzatzeko aukera berriak ireki dizkigute”.

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria: “Herritarrek euskara erabil dezaten aktibatzeko tenorea da. Gero eta gehiago dira euskara ulertzen duten haur eta gazteak; familietan, eskoletan edo euskaltegietan euskara ikasi dutenak; gehiengoa euskararen aldeko jarreran dago. Hala ere egoera larria da gurea: zaintza eta bultzada iraunkor eta indartsuak behar dituena euskararen aldeko jarrerak indartzeko, ezagutza unibertsalizatzeko eta erabilera handitzeko.”

Gaurko ekitaldian hainbat erakunde publikotako, euskalgintzako, eragile sozial zein politikoetako eta arlo pribatuko enpresatako ordezkariak izan dira. Euskaraldiaren antolaketan eta parte hartzean dagoen elkarlana islatu du parte hartze zabal honek.