EUSKO JAURLARITZAK EAEko AUZITEGI NAGUSIAK COVID ZIURTAGIRIARI BURUZ EMANDAKO EPAIARI BURUZKO BALORAZIOA

0

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak EBko COVID ziurtagiriaren erabilera eskatzeko Jaurlaritzak egindako eskaerari ezezkoa eman ondoren, Eusko Jaurlaritza harrituta eta ulertu ezinik dago, sistema judizialaren beraren aldez aurreko iritzi ezagunez gain, beste autonomia-erkidego batzuetan ontzat ematen diren neurriak Euskadin oinarrizko eskubideak urratzen dituztela uste baita.

Auzitegiak esan du bere eginkizuna ez dela irizpide zientifikoak, teknikoak eta medikoak aplikatzea, eta horregatik eskatzen du, aurreko posizionamenduetan ez bezala txostenak modu ulergarrian aurkeztu behar direla eta arrazoi mediko eta epidemiologikoengatik justifikatu behar dutela oinarrizko eskubideen muga. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak egin duena, bera baita irizpide zientifikoak eta medikoak aplikatzeko eskumena duena, hau da: pandemiaren hedapenak dakarren arriskua agerian jartzea eta pandemiari eusteko beharrezko neurriak proposatzea.

.Auzitegiaren iritziz urratzen diren eskubideak honako hauek dira: berdintasuna eta intimitatea; biltzeko eskubidea; askatasun anbulatorioa; adierazteko askatasuna, arte-sorkuntza eta nortasunaren garapen askea; azken horiek karaokeekin lotuta daude. Eusko Jaurlaritzarentzat, txertoa jarri duen edonork, edo txertatuta egon gabe PCR proba negatiboa egin duen edonork bermatuta ditu eskubide horiek.

Intzidentzia-tasa metatu gero eta handiagoari dagokionez, Auzitegiak uste du ez dela neurria modu uniformean aplikatu behar Euskadi osoan. Eusko Jaurlaritzaren ustez, populazio-dentsitate handiko eta Euskadikoa bezalako mugikortasun-maila handiko erkidego batean, proposatutako neurrien izaera modu uniformean aplikatu behar da, eraginkorrak izan daitezen. Gainera, eragindako sektoreekin aldez aurreko entzunaldian alderdi hori partekatu zen.

Osasun-sistemaren presio gero eta handiagoari dagokionez (ospitaleratzeak eta ZIU), auzitegiak uste du adierazlea une honetan ez dela beste batzuetan bezain larria. Egia esan, oraintxe bertan ez da hala; kontua da presio hori areagotzea saihestea, sistema arriskuan jar baitaiteke.

Txertaketari dagokionez, Auzitegiak gogorarazi du xede-populazioaren % 90ek txertoa jarrita, osasun-ondorioak murriztu egin direla, bai intentsitateari bai arriskuari dagokienez. Baina Eusko Jaurlaritzak neurri horiek aurreikusi zituen, hain zuzen ere, % 10ek biztanleriaren % 90 ez baldintzatzeko.

Eusko Jaurlaritzak ere ez du zentzurik establezimendu jakin batzuetan COVID ziurtagiria eskatu behar ez izatea, langileei edo 12 urtetik beherakoei dokumentu hori ezin zaielako eskatu.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren ustez, beste Justizia Auzitegi Nagusiek eta Auzitegi Gorenak ez bezala, Euskadiri mugatu egiten zaio pandemiaren garapena geldiarazteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartzeko aukera.

Euskadik ezin du horrelako neurriak hartzeko itxaron euskal herritarren osasunaren zaintza arriskuan jartzen duten mailek, ospitaleetan eta ZIUetan presio handia eginez, eta hildako pertsonen kopurua handituz.

Neurriak lehenago hartu behar dira, horixe baitzen EAEko Auzitegi Nagusiari egindako eskaeraren helburua, eta halaxe izan da 2020ko martxoaren 13az geroztik, Osasun Larrialdiaren Adierazpena eta ordutik proposatu eta hartu diren neurri guztiak hartu baitira.

Horregatik, beste batzuetan gertatu den bezala, Eusko Jaurlaritzak ez du gai hori judizializatuko, ez du auto horren aurkako errekurtsorik aurkeztuko. Benetan premiazkoa dena pandemiaren hedapena kontrolatzeko balioko duten neurriak ezartzea da oraindik ere.