Irekia-Euskadi Gardena, Gobernu Irekiko proiektu onenaren sariaren finalean sartu da

0

Irekia-Euskadi Gardena ataria Zerbitzu Publikoen Berrikuntzari buruzko Estatuko Biltzarrak (CNIS) urtero ematen duen Gobernu Irekiko proiektu onenaren sarirako hiru finalistetako bat da. Herritarren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikazio zuzeneko kanala, Internet bidez, Estatu mailako sari ezagun honen azken fasera iritsi da Gaztela eta Leongo Juntarekin eta Santa Coloma de Grameneteko Udalarekin (Bartzelona) batera.

Irabazlea nor izango den azaroaren 26an Madrilgo La Nave Auditorioan egingo den ekitaldian jakinaraziko da. Epaimahaiak gardentasunaren, osotasunaren, kontu-ematearen eta alderdi interesdunen parte-hartzearen printzipioak sustatzen dituzten gobernantza proiektuak edo estrategiak baloratzen ditu, betiere demokraziaren eta hazkunde inklusiboaren alde. Ekitaldi horretan beste hamabi sari banatuko dira beste hainbeste kategoriatarako, besteak beste, administrazio elektronikoaren, herritarren arretaren edo teknologia berrien sariketaren proiektuak aintzatesteko. Guztira, ehun bat hautagai aurkeztu dira berrikuntza foro honek antolatutako sari modalitate desberdinetara.

Irekia Euskadiko Gobernu Irekiaren kanala da, gardentasunean, parte-hartzean eta lankidetzan oinarritutako gobernantza ona gauzatzeko. Leihatila horretan, Eusko Jaurlaritzak herritarren zerbitzura jartzen ditu bere jarduerari, erabakiei eta planei buruzko informazioa eta datuak denbora errealean, baina, aldi berean, herritar horiei beren proposamen, ideia edo kontsultak planteatzeko aukera ematen die, kontuan hartzeko eta aztertzeko. Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren mendeko kanal horren bidez, Eusko Jaurlaritzak herritarrekin, enpresekin eta gainerako euskal administrazioekin elkarlanean dihardu, tresna berritzaileak emanez.