Itun berde europarraren espiritua Bilbon aktibatu da Itun Berdea Gunean

0

Europar Batasunak 2019ko abenduan proposatutako Europako Itun Berdea edo European Green Deal mekanismo nagusienetakoa da EBko kide diren herrialdeei krisitik ateratzen eta etorkizun jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Itun Berdea Europar Batasunak 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea ahalbidetuko duen hazkunde-estrategia da.

Testuinguru horretan, Euskadirentzat garapen inklusiboa eta jasangarriaren beharra azaltzeko, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal Gunea sortu du: urtea amaitu baino lehen euskal hiriburuetatik igaroko den foroa, Europako itun berde horren espiritua zabaltzeko.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuak inauguratu du gaur goizean Zazpikaleak geltokian azaroaren 28ra arte klimaren aldeko hedapen eta jarduera foroa hartuko duen gunea. Barredok Euskadiko ekonomia eta ingurumen ibilbide-orria nabarmendu du, 2019ko uztailean Glasgowko COP 26an berretsi duen neutraltasun klimatikoaren aldeko konpromisoa hartu zuen Europako lehen eskualdeetako bat. Sailburuak gogorarazi du euskal gizarteak bat egiten duela garapen inklusibo eta iraunkorraren alde Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustuarekin, HERRITARREN JARRERAK INGURUMENARI BURUZ azterlanak erakusten duen bezala.

Barredoren esanetan, “klima-aldaketaren agendan denok gaude inplikatuta, eta modu aktiboan parte hartu behar dugu, azelerazio eta intentsitate handiagoa behar dugulako, bai eremu publikoan, bai banakako ekintzetan”.

ERAKUSKETA:

Erakusketa ia sei metro luzeko ilustrazio handi batek osatzen du. Ilustrazio horrek erakusten du pertsonen eguneroko erabakiek nola eragiten duten Europako erakundeek sustatutako itun berdearekin zerikusia duen guztian. Standak gai hauei heltzen die: energia-efizientzia, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hurbileko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra.

Erakusketan etengabeko informazioa dago, standetan eta liburuxketan, honako gai hauen inguruan: emisioen murrizketa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra (hondakinak baliabide-iturri gisa erabilita), energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, elikadura-katearen jasangarritasuna edo zero kutsadura ingurune osasungarria lortzeko.

Basque Green Dealen standak gonbidatu egiten gaitu jasangarritasunarekin konprometitzeko egunerokotasunean har daitezkeen erabakiei buruzko gogoeta egitera. Posible da etxeko esparruan ere efizientzia-irizpideekin, energiaren zentzuzko kontsumoarekin, hurbileko produktuen kontsumoarekin, berrerabilerarekin eta birziklapenarekin bat egitea.

JARDUEREN AGENDA:

Larunbata 20

Egun guztia

EKOJOLASAK: Haurrentzako jolas eta tailer gunea

Igandea 21

Egun guztia

EKOJOLASAK: Haurrentzako jolas eta tailer gunea

Astelehena 22

18:00 – HITZALDIA

Monica Diaz (EVE) “Ibilgailu elektrikoaren mito eta egiak”

Asteartea 23

18:00 – HITZALDIA

Maria Luz Gómez (IHOBE) “aldaketa klimatikoari aurre egiteko 52 ekintza”

18:45 – BISITA / VISITA

Ekonomia zirkularra / HUB-en instalazioetara bisita

Topaketa Zazpikaleak metro geltokiko standean

Asteazkena 24

18:00 – HITZALDIA

Arantza Madariaga (ELIKA)  “Elikagai xahuketa Euskadin”

Osteguna 25

18:00 – HITZALDIA

Amagoia Barandiaran (EKIOLA)  “EKIOLA” Kooperatiba Energetikoaren aurpezkena

Ostirala 26

18:00 – HITZALDIA

Xabier Lejarzegi (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren kontseilua) Elikadura ekologikoaren etiketatzeari buruzko tailerra

Larunbata 27

18:00 – DASTAKETA

“BASQUE WINE” eta EUSKAL GAZTAren dastaketa saioa

Egun guztia

EKOTEST: Birziklatzeari buruzko jokua EKOADRILAko pertsonaiekin

Igandea 28

Egun guztia

EKOJOLASAK: Haurrentzako jolas eta tailer gunea

HERRITARREN JARRERAK INGURUMENARI BURUZ

(2021eko azaroa)

Prentsaren laburpena

SARRERA

Azterlan honen gaia izan da Euskadiko biztanleek ingurumenarekin lotutako hainbat gairi buruz dituzten pertzepzio eta jarrerak. Landa-lana 2021eko urriaren 6tik 9ra egin zen.

Ingurumenaren babesa gero eta garrantzitsuago eta premiazkoagotzat hartzen da

Herritarren % 80k uste dute ingurumenaren babesa oso garrantzitsua dela, eta % 19k nahikoa garrantzitsua. 2013tik, biztanleriak gai honi ematen dion garrantzia handituz joan da.

Gainera, 10 pertsonatik ia 9k (% 88) diote ingurumena babestea premiazko arazoa dela. Pertzepzio horrek ere gora egin du azken urteotan.

EAEko biztanleen % 80k uste dute ingurumena oso garrantzitsua dela bizi-kalitate ona izateko, eta % 18k nahikoa garrantzitsua dela.

Bestalde, biztanleriaren % 81 oso edo nahiko ados dago ingurumenaren babesak Euskadiko hazkunde ekonomikoa bultza dezakeela esatean.

Inkestatuen arabera, batez ere autoen eta beste garraiobide batzuen kutsadura da bizi diren udalerriko ingurumen-arazo garrantzitsuena (% 20k aipatu du arazo hori), eta, ondoren, industriak sortutako kutsadura (% 10), airearen kutsadura (% 10), zaborren bilketarekin eta tratamenduarekin lotutako arazoak (% 8) eta gehiegizko zaborra (% 6).

Dagokien udalerriko arazo nagusitzat bezala, arazo horiek berak aipatu dira gehien Euskadiko ingurumen-arazo nagusitzat. Munduko ingurumen-arazo garrantzitsuenei dagokienez, zaborrekin lotutako arazoak Euskadin baino gutxiago aipatzen dira, eta, aitzitik, klima-aldaketa gehiago aipatzen da.

Biztanleriaren % 46k badaki zer den “biodibertsitatea” kontzeptua, eta % 33k esan du entzun duela, baina ez dakiela zer den.

Industria, garraioa eta kontsumo-ohiturak dira ingurumen-arazoak sortzen dituzten eragile nagusiak

Euskadin ingurumen-arazoak eragiten dituen eragile nagusiari buruz galdetuta, biztanleriaren % 72k lehen edo bigarren tokian aipatzen du industria, % 53k garraiobideak, eta % 45ek gure kontsumo-ohiturak. Azken hori ingurumen-arazoen kausa nagusitzat jotzen dute gero eta gehiagok; biztanleriaren % 23k aipatu du eragile nagusitzat, eta 2008an, berriz, % 7k.

EAEko biztanleek 10etik 5,8 punturekin balioesten dute Euskadin ingurumena babesteko egiten dena.

Biztanleriaren % 46k uste du Euskadin Europako beste herrialde batzuetan bezala jokatzen ari dela eremu horretan, % 14k uste du Euskadin hobeto ari dela eta % 20k okerrago. % 21ek ez du gai horri buruzko iritzirik eman.

Ingurumenak eragina du kontsumo-erabakietan

Herritarren % 63k diote askotan erosten dituztela bertako produktuak, % 47k gutxi ontziratutako produktuak eta % 23k produktu ekologikoak. Ehuneko horiek apur bat igo dira 2017arekin alderatuta.

Inkestan parte hartu duten 10 pertsonatik 9k adierazi dute ontziak biltzeko sistema bat martxan jarriko balitz, ontziak entregatzen dituztenei sariren bat emanez, sistema hori erabiliko luketela.

Bestalde, biztanleen % 73k diote etxetresna elektrikoen, etxebizitzen eta ibilgailuen sailkapen energetikoaren sistema ezagutzen dutela, eta 10etik ia 9k diote garrantzi handia edo nahiko handia ematen diotela etxetresna elektrikoak edo etxebizitza erosteko unean.

Ibilgailuei dagokienez, herritarren % 52k diote garrantzi handia edo nahiko handia ematen diotela garraio mota bakoitzak sortzen duen kutsadura-mailari, ohiko joan-etorrietan nola mugitu erabakitzen dutenean. % 81ek diote ibilgailu bat erostean garrantzi handia edo nahikoa emango lioketela sortzen duen kutsadurari.

Oro har, herritarren % 27 erabat ados daude eta beste % 51 nahiko ados produktu batengatik gehiago ordaintzeko ideiarekin, baldin eta ingurumena gehiago errespetatzen badu.

Herritarren % 39k diote prest daudela ohitura batzuk aldatzeko, ingurumenarekiko errespetu handiagoa izateko, baina bakarrik ahalegin handia eskatuko ez balie, eta % 52 prest egongo lirateke edozein kasutan. % 4k baino ez diote uko egiten aldaketa horiek egiteari.

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1.000 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion agin errorearen estimazioa ±% 3,2koa da EAE osorako, % 95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2021eko urriaren 6a eta 9a bitartean egin zen.

OHARRA: Txosten osoa Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean eskuragarri dago:

http://www.euskadi.eus/ikerketa_soziologikoak