Administrazio publikoko 10 langiletik 8k euskara ulertzeko gaitasun osoa daukate

0
PRUEBA

Gaurko Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko VI. Plangintzaldiaren (2021) tarteko Ebaluazio Orokorraren Txostenaren berri jaso du. Txostenak jasotzen duenez, administrazio publikoko langileetatik %80 inguruk gaitasun osoa dute idatzizko eta ahozko testuak ulertzeko eta, batez beste, 10 langiletik 7 hitz egiteko eta idazteko gai dira. Horrela ondorioztatu da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko VI. Plangintzaldiaren Tarteko Ebaluazioan jasotako datuetatik.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak landu du 2018-2022 aldiari dagokion plangintzaldiaren tarteko ebaluazioa. Horren arabera, 35 urtez beherako langileek erabiltzen dute gehien bat euskara herritarrekin eta kanpoko harremanetan.  Sozietate publikoen kasuan ere gazteenek erabiltzen dute gehien euskara, kasu horretan, gainera, bai zerbitzu hizkuntzan baita lan hizkuntzan ere.

Jendaurreko eta barneko hizkuntza

Jendaurreko ekitaldietan, ahoz azaldutako informazioaren % 69 inguru euskaraz eskaintzen da. Hiriburuak eta Gipuzkoa dira jendaurreko ekitaldietan euskara gehien erabiltzen dutenak. Harrera telefono bidez egiten denean, 10etik 7tan agurtzen dituzte langileek herritarrak euskaraz (soilik edo ele bietan), eta aurrez aurreko harreran, berriz, 3tik 2tan gertatzen da hori. Halaber, euskarazko harremana nahiago duten herritarrei, 4tik 3ri ematen zaie zerbitzua euskaraz, batez beste. Azken kasu horretan, nabarmentzekoa da, berriro ere, 35 urtetik beherako langileek ia % 91n egiten dutela euskaraz euskarazko harremana nahiago duten herritarrekin.

Barne-hizkuntzari dagokionean, komunikazio guztien %60 inguru gaztelaniaz izaten dira administrazio publikoan, bai ahoz bai idatziz. Beste herri erakundeekiko ahozko harremanetan euskararen erabilera altuagoa da erakunde pribatu eta beste entitateekiko harremanetan baino. Izan ere, beste administrazioekiko ahozko komunikazioen erdiak euskaraz izaten dira. Kasu horretan, berriro ere, 35 urtetik beherakoak dira beste administrazioekin euskara gehien erabiltzen dutenak.

Euskararen normalizazioak izandako bilakaera orokorrean ondo edo oso ondo baloratu dute langileen %57k. 10 langiletik 1ek bakarrik baloratu du txarto; sozietate publikoetan ere langileen erdiek baino gehiagok ondo baloratzen dute normalizazioaren bilakaera. Eta tarteko ebaluazioan balorazio negatiboa egiteko aipatu duten arrazoi nagusia euskara sustatzeko interes falta izan da.

Prestakuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak, hiriburuek eta foru aldundiek eskaintzen dituzte prestakuntza ikastaro gehien. Eta orotara, eskainitako ikastaroen erdiak baino gehiago euskaraz eskaintzen dira.

Metodologia

  1. Plangintzaldiaren Tarteko Ebaluazioa egiteko, batetik, administrazio publikoaren 189 erakundetan 3.510 inkesta egin dira; bestetik, EAEko gainerako sektore publikoaren 61 erakundetako solaskidek eta 59 erakundetako 800 langilek osatu dute ebaluaziorako erabilitako lagina. Langileei bakarrik ez, aztertutako erakundeetako euskara arduradunei ere egin zaizkie galderak. Ebaluatutako edukiari dagokionez, bi ardatzetan egituratu da ebaluazioa: zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza.