Euskadik 24,13 milioi euro jasoko ditu Espainiako Gobernutik Turismoaren Jasangarritasun Planetarako

0

Next Generation EU berreskuratze-funtsetatik 615 milioi euro bideratu ditu Espainiako Gobernuak turismoaren jasangarritasunerako eta horietatik 24 milioi baino gehiago jasoko ditu Euskadik 2021an zehar

Funts horiek Helmugetako Turismoaren Jasangarritasun Planen aparteko programan sartzen dira, eta horietatik 67 milioi jasoko ditu Euskadik datozen 3 urteetan. Turismo-sektorearen modernizazio eta lehiakortasun Planean (Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 14. osagaia) barne hartu den inbertsiorik handiena da, eta 3.400 milioi euroko aurrekontua du inbertsio zuzenetarako eta espezifikoetarako, sektore estrategiko honi zuzenduak.

Helmugak eta haietan lan egiten duten enpresak izango dira Jasangarritasun Planaren programaren onuradun. Aukera emango die helmugei eraginkortasunez gehitzeko jasangarritasuna eta digitalizazioa baliabide, azpiegitura eta produktu turistikoen kudeaketan, lagungarria izango da turistak urte osoan zehar etor daitezen lortzeko, helmugen eskaintza dibertsifikatzean, eta horrek enplegu- eta jarduera-aukerak sortuko ditu lurralde osoan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik sektore inplikatuekin partekatu da estrategia: udalak, aldundiak, eskualde-erakundeak eta beren helmugetako proiektuak dagoeneko aurkeztu dituzten beste erakunde batzuk.

Proiektu horien aurkezpenarekin, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioarekin lankidetzan, azkena ematen ari zaio lurralde-plan sendo baten eraketari; plan horrek turismoaren sektoreko etorkizuneko proiektuak barnean hartuko ditu eta Turismoaren Konferentzia Sektorialak onetsi ondoren aurkeztuko da.