Urkulluk 2021eko Korta Sariak eman dizkie Victoria Cañasi, Gurutz Linazasorori, Fernando Salamerori eta Ignacio Uriari

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Joxe Mari Korta Sariak banatu ditu. Edizio honetan, sarituak izan dira Victoria Cañas, CEBEKek aurkeztutako hautagaia; Gurutz Linazasoro, Korta Bidetik fundazioak proposatuta; Fernando Salamero, SEA-Arabako Enpresaburuek proposatuta; eta Ignacio Uria (hil osteko omenaldi modura), ADEGIk aurkeztuta.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, urtero, Joxe Mari Korta saria banatzen die beren bizitza- eta enpresa-ibilbideagatik nabarmentzen diren EAEko enpresaburuei.

Bere hitzaldian, Lehendakariak sarituen konpromiso eredugarria nabarmendu du, gizonez eta emakumez osatutako enpresa batekiko konpromisoa; Euskadin errotutako inbertsio batekiko konpromisoa; eta etorkizunean bere ekarpena areagotu nahi duen proiektu batekiko konpromisoa. Hala, Jose Mari Korta enpresaburu horien ibilbideaz eta entregaz harro sentituko litzatekeela esan du, “Proiektu partekatutzat hartzen den euskal enpresak dituen balioak zaintzen, indartzen eta zabaltzen laguntzen duzue; gizartearen onerako den proiektu bat aurrera ateratzeko ekiten, inbertitzen, arriskatzen eta borrokatzen duten pertsonek ordezkatzen dituzten balioak”.

Ezagutzen ari garen pandemia-egoeraren aurrean, Lehendakariak uste osoa agertu du Kortak gaitasuna izango zukeela egoerari aurre hartu eta ikasitako lezioak aplikatzeko: enpresako langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzea, betiere proiektu komun batekin konprometitutako pertsona-talde gisa ulertuta; jarduera eta enplegua beti segurtasun-baldintza batzuetan mantentzeko protokoloak onartzea eta zorroztasunez betearaztea; ikerketan eta garapenean, zientzian eta berrikuntzan inbertitzea, inoiz ikusi gabeko egoera baten aurrean erantzun berriak ematen saiatzeko; eta enpresa errealitate berrira egokitzea, etorkizunean lehiakortasuna bermatzen saiatuz. ““Etorkizuna gure da” leloa ezin hobeto egokitzen da Jose Mari Kortaren eta Bidetik Fundazioaren filosofiarekin », gaineratu du Lehendakariak.

Bere aldetik, epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek “haien lanbide-jarduera garatzeko enpresa-sektoreetan” duten inplikazioa nabarmendu du, “bai eta enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran, jarduera berrien eta lanpostuen sorreran duten garrantzia ere”.

Sarituen curriculumari buruzko informazio gehiago Irekian: https://bit.ly/2Z9miYH

Joxe Mari Korta Sariak

Joxe Mari Korta sariak 2000an sortu ziren ‒enpresari gipuzkoarra eta orduan Adegiko presidentea eraila izan ondoren‒ jendaurrean aitortzeko euskal ekosistema ekonomikoaren aitzindaritzan diren pertsonen dohainak eta ahalegina, kontuan hartuta haien inbertsioekin eta haien lanarekin sortzen dela enplegua eta aberastasuna; gizarte osoaren onurarako diren elementuak, alegia.

Sarirako hautagaiak hiru Lurralde Historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritzako korporazioek edo elkargo profesionalek proposatuak izan daitezke, baita Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.