120 ekitalditik gora antolatu dira Donostian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

0
PRUEBA

2021eko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan. Azaroaren 24tik abenduaren 5era 120 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira Donostian barrena. Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean egitaraua antolatzera animatu direla esan du Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak “auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso”.

Jarduera horiek guztiak ezagutzera emateko auzo bakoitzeko egitarauarekin eskuorriak eta kartelak argitaratu eta banatzeaz gain.

Era guztietako ekintzak hiriko auzoetan

120 ekintza horietatik euskara eta kultura zinegotziak gutxi batzuk nabarmendu nahi izan ditu. “Intxaurrondon, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen “Kuikui” ikuskizuna; Andoni Ollokiegiren kontzertua Ibaetan; San Telmoko “Euskal Sustraiko jende izenak…” erakusketaren harira antolatuko diren hitzaldiak; eta Antigua, Martutene, Loiola edota Parte Zaharrean egingo diren bertso-saioak, besteak beste”.

“Haurren aurrean, helduok heldu”, helduen hizkuntza praktiken inguruan hausnartzeko ekimena

Euskararen erabilerarekin lotuta, haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin eta euskara gehiago erabiltzeko egitasmoa martxan da Donostian abenduaren 5a arte. Ekimen honen helburua haurrekin maiz egoten diren helduen (guraso, hezitzaile, zaintzaile eta abar) hizkuntza praktiketan eragitea da. Insaustiren esanetan, “sarritan haur eta gazteen hizkuntza portaerak ditugu jopuntuan, baina ez gara konturatzen euskara dakigun helduon hizkuntza ohiturak ez direla batere eredugarriak. Horri erreparatu nahi diogu ekimen honen bitartez”.

Egitasmoa hirian aurrera eramateko elkarlanean aritu dira Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea eta Udaleko Euskara Zerbitzua. Donostian ez ezik, beste 80 bat hiri eta herritan ere martxan jarri da.