Abian da Euskariana, Euskadiko Liburutegi Digitala

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valekin, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendari Begoña de Ibarrarekin, Bilboko Udaleko kultura zuzendari Iñaki López de Aguiletarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari Mari Jose Telleriarekin eta Donostia Kulturako zuzendari Jaime Otamendirekin batera, Euskariana Euskadiko Liburutegi Digitala aurkeztu du Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan.

Euskariana euskal kultur erakunde, artxibo, liburutegi eta museo guztiek parte hartzen duten elkarlaneko proiektua da. Gaur egun, hainbat katalogo kolektibotatik (Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa) eta biltegietatik datozen funtsak biltzen ditu eta horrek hainbat erakunderen (Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak, udalak eta unibertsitateak) eta Eusko Ikaskuntza, Eresbil edo Sancho el Sabio, Labayru eta Benediktinoen fundazioen (Lazkaoko beste batzuen artean) ahaleginen bilgune bihurtzen du.

Euskal autoreek sortu duten guztia, Euskadin argitaratu den guztia eta munduko edozein tokitan euskal gaiei buruz sortu den guztia jasotzea du helburu. Era berean, Euskarianak arreta berezia eskaintzen dio euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukiei. Liburutegi digital hau ez da ohiko liburutegia; izan ere, 750.000 multimedia-objektu baino gehiago biltzen ditu, euskarri fisiko oso desberdinak dituzten materialen kopia digitalak; liburuak, eskuizkribuak, egunkariak eta aldizkariak; argazkiak, material grafikoak, museo-piezak, partiturak, musikako lanak eta ikus-entzunezko materialak.

Euskarianak ate digitala izan nahi du, euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki sarean bilatzea ahalbidetu eta erraztuko duena. Horretarako, ahalik eta baliabide digital gehien bildu nahi ditu euskal kulturarekin lotuta, eta bereziki, bibliografikoak, erregistroak sistematizatuz eta homogeneizatuz, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz. Bai esteken bidez, bai bere biltegiaren bidez, aipatutako materialen edukiaren zati handi bat eskuratzeko eta deskargatzeko aukera eskaintzen du.

Gainera, kalitatezko zerbitzu publiko bat eman nahi du, publiko orokorraren edota publiko espezializatuagoaren beharrei erantzungo diena, hau da, informazioa eta irakurketa atsegina bilatzen dutenetan zein ezagutza berriak sortzea helburu duten ikertzaileetan pentsatua.

Elkarlanaren emaitza

Euskariana Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren eta erakunde laguntzaileen erregistroak biltzen dituen katalogoa da eta euskal ondare-funtsak kudeatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuen arteko koordinazio estu eta ezinbestekoan garatutako proiektua da.

Ildo horretan, Euskarianaren iturri garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiak
  • Bilgunea, Euskadiko Katalogo Kolektiboa
  • Liburuklik. Ondare bibliografiko digitalizatua
  • Eusko Legebiltzarreko liburutegia
  • Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako liburutegiak
  • Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udal liburutegiak
  • Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko liburutegiak
  • Azkue Biblioteka eta Artxiboa. Euskaltzaindia
  • Espainiako Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa
  • EAEko beste liburutegi nabarmen batzuk:
    • Sancho el Sabio Fundazioa
    • Jon Bilbao, Basque Library. University of Nevada. Reno
    • Donostiako Elizbarrutiko liburutegia
    • Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako liburutegia
    • San Juan elizako liburutegia (Guardia)
    • Beneditarren komentuko liburutegia, Lazkao
    • Labayru Fundazioaren liburutegia
    • Arantzazuko Santutegiko liburutegia
    • Loiolako Santutegiko liburutegia
    • Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa
    • ERESBIL. Musikaren Euskal Artxiboa
  • Euskal gaiei lotutako funtsak dituzten liburutegi nazionalak:
    • Espainiako Liburutegi Nazionala
    • Bibliothèque nationale de France
    • British Library
    • Deutsche Nationalbibliothek
    • Library of Congress
  • Gordailu instituzional eta akademikoak (oro har, objektu digitalarekin):
    • Lau Haizeetara
    • Dokumeta
    • Euskal Memoria Digitala
    • Eusko Ikaskuntza
    • ADDI. Euskal Herriko Unibertsitatea
    • EBiltegia. Mondragon Unibertsitatea
    • EDTB. Euskal Doktorego Tesien Bilduma
  • Objektu digitalak dituzten datu-baseak:
    • Ondarea. Euskal Kultura Ondarearen Informazio Sistema
    • EMSIME. Euskadiko Museoen Katalogo Kolektiboa
    • Euskadiko Artxibo Historikoaren argazkiak

Euskariana, 185 urte dituen historia

1836an, euskarienne terminoa erabiltzen lehenak izan ziren Antoine d´Abbadie eta Agosti Xaho.  Arturo Campión politikari, idazle eta hizkuntzalari euskaldunak Euskariana terminoa aukeratu zuen, lehenago euskal gaiei buruz egunkari eta aldizkarietan argitaratutako bere hainbat idatzi bateratu eta elkarrekin kaleratzeko. Euskarianaren lehen saila 1896an inprimatu zen, azkena 1936an.