Indarkeria matxista eta berdintasunaren inguruko 400 ikus-entzunezko baino gehiago aurkeztu dituzte gazteek aurten Beldur Barik lehiaketara

0

Gaur goizean aurkeztu da Aguraingo Harresi Aretoan aurtengo Beldur Barik programaren edizioa. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak sustatu eta koordinatzen du programa, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta EUDELek babesten dute. Agurain Beldur Barik Herria da aurten eta, hori dela eta, ostiral honetan, azaroaren 26an, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sari banaketa egingo da bertan, nahiz eta Arabako udalerriko osasun egoera dela eta, azkenean streaming bidez egingo den eta bertan behera utzi behar izan diren tailerrak eta programatuta zeuden beste jarduera batzuk. Sari banaketa www.beldurbarik.eus webgunearen eta EITBren Nahieran zerbitzuaren bidez jarraitu ahal izango da.

Prentsaurrekoan izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkatea, Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria. Gainera, Kai Nakai abeslariak ere hartu du parte, saiorako konposatu duen «Entzun ondo» abestia interpretatuz.

Ikus-entzunezko lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta hiru kategoria ditu. Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, aurten lehiaketara aurkeztu diren lanen kopurua bikoiztu egin da iazkoarekin alderatuta. Hala, 400 lan baino gehiago aurkeztu dira, gehienak taldean eta ikastetxeetan egindakoak. Nabarmentzekoa da unibertsitateek (UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) aurreko urteetan baino lan gehiago aurkeztu dituztela. Landaidak lan horiek taldean egiteak duen garrantzia azpimarratu du, “aurkeztutako pieza sortzeko prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruzko gogoeta bateratuaren eta eztabaidaren prozesu bihurtzen da”.

400 ikus-entzunezko lan horietatik 336 sartu dira lehiaketara, batzuek ez baitituzte oinarrietan jasotako baldintza guztiak betetzen. Horietatik 100 12 eta 13 urte bitarteko sortzaileenak dira, 173 14-18 urtekoenak eta 63 19-26 urtekoenak. Lurraldeka, 39 lan aurkeztu dira Arabatik, 172 Bizkaiatik eta 125 Gipuzkoak.

Bideoen gai nagusiak

Lehiaketan parte hartu duten gai nagusiak honako hauek izan dira: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan eta kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena.

Landaidak nabarmendu duenez, Beldur Barik programak “neska-mutilei beren harremanetan eta bizi diren gizartean eta lehiaketara aurkezten gaituzten lanetan desberdintasun-jarrerak hauteman ahal izateko tresnak eskaintzen dizkie, eta urtetik urtera gero eta argiago ikusten dugu indarkeria horren jatorria zein den, emakumeen aurkako indarkeria-kasuak eragiten dituen desberdintasuna dela ikusten baitute”.

Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkate eta EUDELeko ordezkariak programa babesten duten udalen funtsezko eginkizuna nabarmendu du, eta azpimarratu du Beldur barik “tresna baliotsua” dela, “batez ere udalerri txikienentzat”. Aurten, lehiaketa orokorraz gain, hamabi tokiko lehiaketa antolatu dira beste hainbeste udalerritan.

Ainhoa Campo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariak berretsi du garrantzitsua dela gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko lan egitea, eta prebentzio-programa horrekiko aldundiaren konpromisoa azpimarratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestak, bestalde, Beldur Barik bezalako ekimenen bidez eta hezkidetzaren bidez gazte eta nerabeengana iristeko beharra azpimarratu du. “Ziur asko, hori da modurik eraginkorrena indarkeria sexista prebenitzeko, egitura, rol eta estereotipo horiek desikasteko, bai eta adin txikitan gertatzen diren, desberdintasuna sortzen duten eta emakumeei kalte egiten dieten jokabide matxistak ere. Balio eta eredu berriak landu behar ditugu indarkeria matxistari aurre egiteko”, adierazi du.

Sariak streaming bidez ematea

Bigarren urtez jarraian, Beldur Barik lehiaketako sariak on-line banatuko dira, Covid19k sortutako osasun egoera dela eta. Aurten azken momentuan hartu da erabakia, tailerrak eta beste jarduera batzuk jadanik antolatuta zeudenean gazteekin, Aguraingo udalerriaren egoera dela eta. Beldur Barik bultzatzen duten erakundeek konpromisoa hartu dute jarduera horiei berriro ekiteko ikasturtean zehar, osasun egoerak horretarako aukera ematen duenean.

Nabarmendu behar da, Arabako Lautadako Kuadrillako Berdintasun Zerbitzuaz gain, Aguraingo Udaleko Berdintasun Zinegotzigoak eta udal-gaztelekuetako hezitzaileek tokiko bi talde feministaren laguntza izan dutela Topaketa antolatzeko: Inguma, Aguraineko talde feminista eta Dulantziko talde feminista.

Bea Clown, Libe Pradera eta Julen Portillo izango dira sari-banaketa aurkezteko eta girotzeko arduradunak. Gainera, galan Kai Nakai artista gasteiztarra eta edizio honetako abestiaren egilea arituko da eszenatokian kantari. Uxue Bereziartuak, “Berexi”, Hernaniko artista feministak, egin zuen edizioko irudia eta honek ere presentzia izango du galan zehar.

 

 

Informazio gehiago:  www.beldurbarik.eus