Jokin Bildarratzek Euskal Enpresa & Lanbide Heziketa ekitaldian parte hartu du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, parte hartu du gaur goizean Euskal Enpresa & Lanbide Heziketa urteroko ekitaldian. Confebaskek antolatutako jardunaldiaren 28. edizio honetan, pandemiak edukiera mugatu eta murriztu arren, Euskadiko Lanbide Heziketa eta euskal enpresen artean dagoen lankidetza estuaren isla izan da berriro ere ekitaldia.

Ekitaldian Euskadiko Lanbide Heziketaren protagonista nagusiak izan dira parte hartzaile, hala nola ikasleak, ikastetxeak eta enpresak. Confebasken aldetik, Eduardo Zubiaurre presidenteak eta Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak hartu dute parte.

Elkarlan estua

Hitza hartu duelarik, eta pandemia gorabehera ekitaldi hau bizirik mantentzeagatik Confebaski eskerrak eman ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hizpide izan du Euskadiko Lanbide Heziketak eta enpresek hamarkadetan zehar izan duten harreman eta lankidetza estu hori, ikasleen prestakuntzaren mesedetan. “Urte horietan guztietan gauzak aldatu egin dira, jakina. Aldatu egin dira enpresen premiak, gure ikasleak prestatzeko modua, eta gizarte osoa aldatu da. Hala eta guztiz ere, enpresek eta Hezkuntza Sailak berregokitzen jakin dugu, gure arteko harremana eta koordinazioa egokitzen jakin dugu. Ahalegin horrek gizarte gisa zuzenean laguntzen digulako”.

 

Bildarratzen esanetan, horrek guztiak lan eta ahalegin handia eskatu du. “Badakit zenbat kostatzen den hori, eta badakit zenbat lan dagoen horren guztiaren atzean. Baina ahalegin horri esker, saririk onena jasotzen ari gara: gero eta hobeto prestatuta dauden ikasleak izatea. Hobeto prestatuta, lan merkatuarekin harreman estuagoan eta lan-munduko txertatze-maila handiarekin. Helburua, funtsean, hauxe da: ikasleek izan ditzatela berme guztiak euren bizitza-proiektua eta proiektu profesionalak eraiki ahal izateko”.

Ildo horretan, Hezkuntza Saila azken urteotan bulzatzen ari den prestakuntza mota bat ere aipatu du: Lanbide Heziketa Duala. “Prestakuntza mota hau enpresen errealitateari lotuagoa dago. Prestakuntza dualak ikasleen ahalegin handiagoa eskatzen du, baina baita enpresen inplikazio handiagoa ere”. Horregatik, Hezkuntza sailburuak aukera baliatu du, alde batetik, bertan zeuden ikasleak zoriontzeko, baina, era berean, eskerrak eman dizkie enpresei eta instruktoreei, ikasleei Lanbide Heziketatik lantokirako jauzi horretan laguntzen egiten duten lanagatik eta inplikazioagatik.

Diplomak banatzea eta aitortzak

Bigarren urtez jarraian, ekitaldiak ohi baino edukiera murritzagoa izan du, pandemiaren ondorioz. Hala ere, ikasleei diplomak eman zaizkie, nahiz eta talde txiki bati eman. Euskalduna Jauregira urtero Lanbide Heziketako titulu batekin ateratzen diren ikasle guztien ordezkari gisa joan diren ikasleek jaso dituzte diplomak. Azken ikasturte honetan, 2020-2021 ikasturtean, 14.000 gaztek baino gehiagok amaitu dituzte prestakuntza-zikloak, eta Lanbide Heziketako titulua lortu dute, euskal enpresetan praktikak amaitu ondoren, Lantokiko Prestakuntza izeneko moduluaren bidez.

Era berean, Confebaskek enpresa eta instruktoreei egin ohi dizkien aitortzen berri ere eman da ekitaldian, prestakuntza-ahaleginean gehien nabarmendu direnen lana aintzatesteko. Aurtengo saridunak aukeratzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeen balorazioak hartu dira kontuan.

Enpresen atalean, Envases Metalúrgicos de Álava, Orbea eta Plastigaur izan dira aitortza jaso dutenak. Instruktoreei dagokienez, Confebaskek honako hauek aitortu ditu: Umbor enpresako (Araba) Francisco Borja López; Lantegi Batuak enpresako (Bizkaia) instruktore-taldea; eta Hine Group enpresako (Gipuzkoa) Mikel Arrizabalaga Arratibel.