Osasun sailburua kezkatuta dago goranzko joerarekin, dagoeneko osasun-sistema tenkatzen ari baita

0

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute Herri Irratiko «Egunon Bizkaia» saioan. Bertan, kezkatuta agertu da goranzko joerarekin, 900 positibotik gorakoa baita gaur egun, eta dagoeneko eragina izaten ari baita osasun-sisteman.

Sailburuak ziurtatu duenez, Euskadin osasun-sistema publiko sendo bat dago, bere gaitasunak boskoizteko gaitasuna duena, beharrezkoa izanez gero. Une honetan, gaur egungo ospitaleratzeen zifrekin, osasun-sistema 1. eszenatokian dago, ZIU batzuk indartu behar izan diren arren. Osasun sailburuak adierazi duenez, plantako 200 ohe eta ZIUetako 50 okupatuta, neurri zorrotzagoak hartu beharko genituzke, esaterako, osasun-larrialdia.

Gaur goizeko elkarrizketan, Gotzone Sagarduik gogorarazi du pandemia ez dela amaitu, eta txertaketak mugarri bat jarri badu ere, birusarekin bizitzen jarraitu behar dela. “Txertoa defentsa handia da, baina ez bakarra. Txertoa hartu behar da, zalantzarik gabe, baina neurriak ere mantendu behar dira: distantzia mantentzea, maskara erabiltzea, espazio itxiak aireztatzea eta jende pilaketak saihestea”, esan du. Hala, Gotzone Sagarduik egoera honi buelta emateko ezarritako neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu du.

12 urtetik beherakoen txertaketari dagokionez, sailburuak adierazi du, dena aurreikusitakoaren arabera badoa, abenduan lehen dosiak iristea espero dela. Hirugarren dosiei buruz galdetuta, Gotzone Sagarduik gogorarazi du Osasun Publikoaren Batzordeak jada onartu duela txertaketa, hirugarren dosiarekin, osasun-langileentzat eta 60 urtetik gorakoentzat, eta, beraz, baliabideak jarriko direla txertaketa pixkanaka aurrera eraman ahal izateko.

Bestalde, Osasun sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak lege-tresnak eskatzen jarraitzen duela egungo pandemia-egoerari aurre egiteko beharrezko neurriak hartu ahal izateko; eta doktrina komun baten alde egin du. Hala, sailburuak azaldu du, atzoko Lurralde arteko Osasun Kontseiluaren bileran, Euskadik txertaketa-taldeei hirugarren dosia aurreratzea, pediatriako txertoaren etorrera bizkortzea, kanpoaldean maskara nahitaez erabiltzea eta egoera jakin batzuetan covid ziurtagiria erabiltzea proposatu zuen, baina Gobernu Zentralak ez zuela erantzunik eman.