URAk hitzarmen bat proposatu du Mañaria ibaiaren edukiera hobetzeko eta Durangoko hirigunean uholdeak saihesteko

0

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Durangoko Udalari hitzarmen-proposamen bat bidali dio, Durangoko Udalarekin eta Urribarri kaleko 23. zenbakiko eraikinaren jabeekin (antolamendutik kanpo dago) izandako bileraren ondoren. Hitzarmenaren helburua da eraikin hori eraisteko jarduketak koordinatzea eta, ondoren, Montevideoko zubia sekzio handiagoko beste batez ordezkatzea.

Bi jarduketa horiek beharrezkoak dira Mañaria ibaiak Durango zeharkatzen duen zatian duen edukiera handitzeko eta, beraz, hirigunean uholdeak gertatzeko probabilitatea nabarmen murrizteko. Mañaria ibaiko ibilgu-tarte estu bat da: hiri-okupazio nabarmenak  mugatuta dagoena.

Alegia, zubia ordezkatu nahi da, Mañaria ibaia ur-askoko gertakarietan kargan sartzeko (uraren fluxua oztopatzea) probabilitatea nabarmen murrizteko. Izan ere, gaur egungo zubiak ez du hustutze ahalmen  nahikoa, eta, bertan, emari mardulek zubiarekin erraz samar talka egin lezakete;  ondorioz, zubitik ibaian gora, hiri-bilbean bertan, ur-lamina hazarazi lezake.

Hala ere, aldez aurretik, zubi-ordezkatze hori egiteko, Udalak Uribarri kaleko 23. zenbakiko eraikina eraitsi beharko du; eraikin hori eraikitzeko erabili zen hormigoizko lauza kendu; eta inguruneko bizitegi-erabilerako eskuineko ertza finkatu behar du.

Ondoren, aurrekoa burututakoan,  bigarren fasean, URAk Montevideo zubia eraitsiko du — Uribarri kaleko 23. zenbakiko eraikinaren parean dago—, eta haren ordez sekzio handiagoko beste bat eraikiko du. URAk 1.160.000 euro inguru finantzatuko lituzke. Zubi horrek aukera emango du ibairen emari mardulak ere aise jariatzen uzteko. Zubia hiri-bilbe betean dagoenez, eta lanak ibilgutik bertatik landu beharko direnez, obrek atagia (aldi baterako emariaren bideratzea)  bat eraikitzea egiten dute beharrezko: uraren fluxua aldatzeko eta makinei zubiari esku hartzeko aukera emateko.

Jarduketa horiei esker, Mañaria ibaiaren tartearen egoera nabarmen hobetuko da: haren gainean antolamenduz kanpoko eraikina kentzeaz gain, edukiera hidraulikoa handituko baita dentsitate handiko eremu bat zeharkatzen duen ibilgu-tarte batean.