60 URTETIK GORAKOEK COVID-19AREN AURKAKO TXERTOAREN HIRUGARREN DOSIA JARTZEKO HITZORDUA ESKATU AHALKO DUTE OSAKIDETZAN, ASTELEHENETIK AURRERA

0
PRUEBA

Osakidetza, astelehenetik aurrera, azaroaren 29tik aurrera, 60 urtetik gorakoei hitzordua ematen hasiko zaie, COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia jartzeko. Hala azaldu du Osasuneko Sailburuak Kontrolaren Osoko Bilkuran. Bertan esan duenez, “birusari aurre egiteko dugun tresnarik onena da”, eta xede-kolektiboa hitzordua “ahalik eta lasterren” hartzera animatu du; izan ere, hirugarren txerto horrek areagotu egiten du antigorputzen kopurua eta, hala, handitu egiten da babes-maila.

Gaur egun, EAEn, 12 urtetik gorakoen % 91k baino gehiagok pauta osoa dute, eta 124.400 inguruk hirugarren dosia jaso dute.

Nori dago zuzenduta?

Orain arte, Osakidetzak egoitzetan dauden, immunoezabatzeko egoera larrian dauden eta 70 urte baino gehiago dituzten pertsonei eman die errefortzurako txertoa. Astelehenetik aurrera, 60 urtetik gorakoek ere eskatu ahalko dute.

Nola eskatu hitzordua?

Osakidetzaren web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz hartu ahalko dute hitzordua.

Zenbat denbora igaro behar izan da aurreko txertoetatik?

Oroitzapen-dosi hori azken txertoa hartu denetik sei hilera emango da, Pfizer edo Moderna hartu zutenen kasuan, eta, Astra-Zeneca hartu zutenen kasuan, azken dositik hiru hilera hartu ahalko da.

Zer txerto emango da errefortzurako dosi gisa?

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) eta Osasun Publikoaren Batzordeak gomendatzen dute txertaketaren errefortzu horretarako ARNm motako txertoak (Pfizer edo Moderna) erabiltzea. Aurretiko txertaketak emandako immunitatea sendotzeko, eraginkorra da, era berean, kasu honetan Pfizerren dosi bat edo Modernaren dosi erdi ematea. Errefortzurako eragin handiena “pauta heterologo” deritzenekin ikusi da; alegia, txerto horiek aurretik txerto desberdina jaso duen pertsona bati ematen dizkiogunean. Osakidetzak, eskuragarritasunaren arabera, konposizio analogoa duten bi ARNm txerto horietako edozein eskainiko du, eraginkortasun eta segurtasun bera eskaintzen baitute. Bi prestakinen baliokidetasunak ez du justifikatzen txerto mota baten eskaerei erantzutea; izan ere, biak dira egokiak.

Non jarriko da txertoa?

Ezarritako tarteko guneetan edo osasun-zentroetan. Hitzordua hartzeko unean, lekua zehaztuko da.