Santa Fe hotel euskal-amerikarraren elezaharra betirako izango da Euskal Diasporaren Artxiboan

0
PRUEBA

Santa Fe hotela (Renon, Nevadan, AEBn) betiko itxi zuten 2020ko uztailean. Koronabirusaren ondorioz ateak ixten zituen Estatu Batuetako beste euskal hotel-jatetxe bat zen.  «Santa Fe» behin betiko itxi zen 71 urtez martxan egon ondoren (euskal hotel-jatetxe honen eraikin berria 1949an eraiki baitzen). Euskal Hotelak Ameriketako Estatu Batuetako Euskal Komunitatearen topagune izan ziren eta gaur egun pixkanaka ixten ari dira, baina bere historiaren zati bat Euskal Diasporaren Artxiboan gordeko da.

Santa Fe-ren elezaharrak aurrera jarraituko du Renoko euskal komunitateak gorde duen eta Euskal Diasporaren Artxiboari utzi berri dion hoteleko objektuen bildumaren bidez: baxera bat, menuko kartak, mahai-zapiak eta ahozapiak eta… adi egon, euskal komunitatearen elkartasun-espiritua oso argigarria baita: lapitzez idatzitako koaderno bat, ingeleseko oinarrizko ikasliburu gisa eta Estatu Batuetako nazionalitatea lortzeko aholkuak dituena. Ziur asko, gidaliburu xume  bat zen, AEBra iristen ziren euskal artzain berrien integrazioa errazteko balio zuena.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak eskerrak eman dizkie Boiseko Euskal Museoko Patty Millerri, Michelle Alzolari eta Jose Luis Egiluzi, kanpoan dugun historiaren zati txiki hau Euskadira ekartzeagatik.

Santa Fe-ren istorioa Jean Pierre Etcheberry euskal etorkinarekin hasten da, 1931n Marie emaztearekin batera hotelaren alokairuaren ardura hartu zuen. Jabeak izan ziren eta elkarrekin eraman zuten hotela, 1943an Jean Pierre hil zen arte. Orduan Mariek Martin Esain hartu zuen bazkide. 1948ko abuztuaren 15ean sute izugarri batek Lake Street osoa suntsitu zuen, eraikina asko kaltetuz, baita Santa Fekoa ere. Esainek, orain jabe bakarra, 1949an eraikin berri bat altxa zuen hotelerako.

Joseph Zubillaga Esainen ilobak eta Aurelie eta Anita Zubillaga ahizpek bere osabari Santa Fea zuzentzen lagundu zioten hurrengo hamarkadetan, eta 1966an Esain hil zenean hotelaren kudeaketa euren gain hartu zuten. Santa Fe hotel berriak, beti euskal familia baten jabetzakoa, komunitateari zerbitzatzen jarraitu zuen, familia bazkariak euskal erara eskainiz eta bertako euskal-amerikar kultura aberatsaren elementuak zainduz,  hotela itxi zen egunera arte, 2020ko uztailean. Orain elezaharra betirako izango da Euskal Diasporako Artxibora joaten diren ikertzaile eta publiko orokorrarentzat.