Euskadik eta Iparraldeko Elkargoak beren konpromiso humanitarioa berretsi dute mugako migrazio-krisiaren aurrean eta Europari “ekintza sendo eta koordinatu” bat eskatzen diote

0

Euskadik eta Communauté d´Agglomération Pays Basque-Euskal Herri Elkargoak bi lurraldeen konpromiso humanitarioa berretsi dute iragaitzazko migrazioen krisiaren aurrean, eta “Europar Batasunaren eta estatu kideen ekintza sendo eta koordinatu bat eskatzen dute arlo humanitarioan eta segurtasunaren arloan”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Jean-René Etchegaray presidenteak Adierazpen bateratu bat argitaratu dute. Bertan adierazi dute beren “atsekabea eta kezkarik handiena azken hilabeteetan gure mugan 7 pertsonaren heriotzak adierazten duen dramaren aurrean, baita Calaisko tragediaren aurrean ere, beste 27 pertsonaren heriotza berekin ekarri duena. Aldi berean, beren borondatez jarduten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, “iragaitzazko migratzaileei eta nazioarteko babesa eskatzen dutenei tratamendu duina eta gizatiarra” eskaintzeko.

Era berean, egoera dramatikoak ugaritzen ari direla ikusita, bi presidenteek “ekintza sendo eta koordinatu” bat eskatzen diote Europar Batasunari, iragaitzazko migratzaileen igarotzearen segurtasuna bermatzeko, eta estatu kideei batera jarduteko eskatzen diete, gizakien trafikatzaileen aurka ahalik eta irmotasun handienarekin borrokatzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herri Elkargoak elkarrizketarako baterako gune bat sortzeko eta datuak eta informazioa partekatzeko konpromisoa hartu dute, iragaitzazko migrazioaren fenomenoarekin lotutako egoerei erantzuteko. Hala, Iparraldeko ordezkaritza bat sartuko da erakundeen arteko Koordinazio Mahaian. Euskal Autonomia Erkidegoan sortua da Mahaia, iragaitzazko migratzaileei premiazko harrera egiteko, eta gizarte-eragileek ere parte hartzen dute bertan.

Euskal administrazioak iragaitzazko migratzaileentzat dituen baliabideekin artatutako pertsonak: 

  • 2018: 5.837
  • 2019: 4.244
  • 2020: 3.493
  • 2021: 7.123