Euskadik prebentzioaren, diagnostiko goiztiarraren eta erretrobirusen kontrako tratamenduen aldeko apustuari eusten dio, HIESArekin amaitzeko

0

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak deia egin du erne jarraitzeko GIBarekin; izan ere, nahiz eta pandemiaren testuinguruan atzerapen puntuala izan den, gaur egun jarraitzen du konpondu gabeko osasun publikoko arazo izaten. Hala, prebentzioaren, diagnostiko goiztiarraren eta erretrobirusen kontrako tratamenduen bidez, hiesarekin erabat amaitzeko norberaren konpromisoari eta instituzionalari eustearen aldeko apustua egin du, 2020rako mundu-mailan ezarritako helburuak bete ez direla kontuan hartuta.

Hiesaren Mundu Egunaren aurreko egunetan, Sagarduik gogorarazi du 1984tik, EAEn, hiesaren 6.033 kasu diagnostikatu direla, eta jarraitzen duela 90eko hamarkadaren erdialdean hasi zen beheranzko joerak, erretrobirusaren aurkako tratamenduak hedatu direlako. 2020an, EAEn hiesaren 18 kasu berri izan ziren, eta hori zifrarik baxuena da, 1985etik, eta Osakidetzak erretrobirusaren aurkako tratamenduekin eman zien arreta 6.106 pazienteri, guztira.

GIBa dela eta, EAEk, 2020an, 100.000 biztanleko 4,77 kasu erregistratu zituen (Estatuko batez bestekoa baino 1,17 puntu gutxiago), eta horrek esan nahi du aurreko urtearen aldean % 28ko beherakada egon dela. Hala ere, jaitsiera hori lotuta dago COVIDaren ondoriozko konfinamenduan arriskuko sexu-harremanen kopuruan izan zen murrizketarekin, baina kontrastean dago aurreko urteetako sexu-transmisioko infekzioen diagnostikoetako goranzko joerarekin.

GIBagatiko infekzioa sexu-transmisioko infekzioa da, nagusiki; beraz, prebentzioak, funtsean preserbatiboaren erabileraren bidez eta arrisku-jokaerak saihestuz, jarraitzen du funtsezkoa izaten. Era berean, kasuen erdiak baino gehiagok diagnostiko berantiarra izan dute; alegia, immune-sistema oso kaltetuta dagoenean diagnostikatu dira, 350 CD4 zelula baino gutxiago daudenean. Euskadik, beste administrazio batzuek ez bezala, HIESAren eta Sexu Transmisioko Infekzioen EAEko Planean aurreikusten diren jarduketa-ildo guztiei eusteko motiboa; planaren helburua da, kutsadurak prebenitzeaz gainera, kaltetutako pertsonen osasun-pronostikoa hobetzea eta dagoeneko kaltetuta egon baina ez dakitenek jakin gabe transmiti dezaten saihestea.

 

Hala, 2020an, guztira GIBaren 1.043 test laster egin ziren EAEko botiketan. Osakidetzak sexu-transmisioko infekzioen hiru kontsulta ditu, bat lurralde bakoitzean. Aurrez aurreko kontsulta horiez gainera, online birtual bat ere eskaintzen du, gizonekin sexua duten gizonentzat; 2020an, erabiltzaile-kopurua nabarmen hazi zen, 200 baino gehiagora iritsi baitzen. Hezkuntza-eremuan ere, indarrean jarraitzen du sexu-harremanekin lotuta dauden arrisku posible guztien prebentzioari heltzen dion programak (GIBa/hiesa, sexu-transmisioko beste infekzio batzuk eta nahi ez den haurdunaldiaren prebentzioa). 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie; azken ikasturtean, ia ehun ikastetxetako 7.800 nerabek parte hartu zuten. Aldi berean, EAEko Planak eutsi egiten dio GIBaren eremuan lan egiten duten GKEei zuzendutako diruz laguntzeko lerroari; haren lana nabarmendu nahi izan du Sagardui Sailburuak, egun honetan.