Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak balioetsi du Bide-segurtasunarekin konprometituta dauden euskal enpresen Innovabide Sarea egiten ari den lana, hazkunde aipagarria izan baitu. Gaur egun sektore eta neurri ezberdinetako berrogeita hamar erakunde eta enpresa baino gehiago biltzen ditu. Díaz de Corcuerak adierazpen horiek egin ditu ASEPEYO mutualitatearen eta CNAE Fundazioaren bideko lan-istripuei buruzko azterlanaren esparruan. Aurkezpena gaur goizean egin da Bilbon.
Trafikoko zuzendariaren arabera: “Edozein enpresa sar daiteke dohainik Innovabide sarean, bere helburua izanik “in itinere”, hau da, lanpostuko joan-etorrietan, eta “in mision”, hau da lanean ibilgailu bat gidatzen, gertatzen diren istripuetan izandako hildakoen eta zauritu larrien kopurua % 40 murriztea. Sareari atxikita, erakunde eta enpresek konpromiso erreala hartzen dute Bide Segurtasunarekin, eta gai honetan ezagutzak eta esperientziak partekatu ditzakete”.
Innovabide Sarea Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 2017an, 2021-2025 Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako Plan Estrategikoan hartutako konpromisoari erantzunez, eta Euskadin trafiko-istripuen ondorioz zero biktima izateko ikuspegian oinarritzen da.
Bestalde, Sonia Díaz de Corcuerak jakitera eman du aurtengo Trafikoko Jardunbide Profesionalaren gaia berriz ere Laneko Bide Segurtasuna izango dela eta Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian egingo dela datorren abenduaren 1ean honako izenburu honen pean: Euskal enpresa, Bide Segurtasunarekiko konpromisoa kudeaketa aurreratuaren bidez.